Elikadura. Ardoxka

Durango ardo saltsan (IV. edizioa)

Roberto Sarriugarte
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Hilaren 26an, larunbata, Durango Ardo Saltsan ardo eta delicatessen feriaren laugarren aldia ospatuko da. 2007an hasi zen feria hori, eta urtez urte sendotzen eta egonkortzen joan da. Durango Ardo Saltsan antolatzen dutenen helburua ardoaren eta gastronomiaren kultura ezagutzera eman eta kontsumitzaileari hurbiltzea da, betiere kalitatea abiapuntutzat hartuz.

Jakin badakigu Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere antolatzen direla beste ardo feria batzuk, baina Durangokoa desberdina da, erabat.

Besteak beste, upategietakoak biltzen direlako feria bitxi eta bikain horretara eta edonork, kaleko jendeak, feriara biltzen den orok aukera baitauka bertatik bertara upategietako enologo edota beste edonorekin bere zalantzak, galderak... nahi duena planteatzeko; hurbiltasuna baita feria honen ezaugarrietariko bat, besteetatik bereizten duen ezaugarrietariko bat, hain zuzen.

Horrez gain, ez dugu ahaztu behar ardoaz aparte gastronomiak ere badaukala pisua, eta ez edonolakoa; feria honetan, kafea, izokina, antxoak, hegaluzea, gurin opilak, tomatea eta gazta izango dira.

Aurten, antolatzaileek, gastronomiari dagokionez, indar berezia eman nahi izan diote tomateari eta gaztari, iazkoarekin alderatuz horiek baitira berritasun nagusiak. Tomate iberikoa (Ort atmosferan) aurkeztuko dute, izugarrizko elikagaia eta bitxia, oso bitxia omen da. Eta gaztaren tunela ere antolatu dute, non hogei gazta desberdin dastatzeko aukera izango den, behiaren, ardiaren zein ahuntzaren esnearekin egindakoak...

Laurogei upategi baino gehiago, eta ia hirurehun ardo desberdin dastatzeko parada: Bizkaiko Txakolina, Errioxa, Nafarroa, Irulegi, Dueroko Erribera, Toro, Bierzo, Rias Baixas, Extremadura, Mallorca, Cava, Xerez, Champagne, Rhone, Borgoinia... eskaintza oso zabala eta kalitate bikaineko ardoak betiere.

Itsasmendi, Contino, Roda, Muga, Tandem, Andre Clouet, Delamotte, Tilenus, Anima Negra, Otxanduri, Gerardo Mendez... eta izen handiko beste upategiek parte hartuko dute aurtengo edizioan.

Ardo dastatzeak, kafearenak, olioa, tomatearenak, gazta... ekimen ugariz jositako feria izango da, eta egunari amaiera jostagarria emateko, Durango Ardo Saltsan ardo dastatze itsuaren bigarren edizioa egingo da, bikoteka. Bikote bakoitzak lau-bost ardo desberdin dastatu beharko ditu, betiere itsuan, jakin gabe zer dastatzen ari den, eta ardoak nongoak diren, zer mahatsekin eginda dauden, ontze denbora zenbatekoa den eta abar. Asmatzen edo hurbiltzen saiatu beharko da...

Egunari amaiera emateko modu bikain eta jostagarriaizan daiteke, aroaz ikasi, lagunekin esperientziak elkarbanatu eta festa eta lagun arteko giroan egun eder bat pasatzeko aukera. Ea bertan elkar ikusten dugun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.