Nire lagun Felix triste antzean agertu zitzaidan joan den larunbatean. Antza, ilobak zaintzen pasatu zuen arratsaldea, eta zazpi urtekoari errieta egin behar izan zion..
— Ez nagok ohituta, Xabi. Gogorra izan duk, baina Anderrek ekonomia klase bat behar zian eta neuk eman zioat.
Garagardo bana eskatu, eta kontatu zidan gertatutakoa.
Dirudienez, ikastolako lagunekin futbolean ari zirela hasi zen eztabaida. Batzuek Bartzelona izan nahi zutela, besteek Erreala, Urlia Messi zela, Sandiak Xabi Prieto nahiago zuela, hura eta bestea.
—Eta hara non, gure Anderrek Espainia izan nahi zuela esan ez dik ba! Odola hormatu zaidak, Xabi, hormatu!
Ikustekoa zen, baiki, nire lagun Felixen aurpegia, baloikada bat potroetan eman izan baliote bezala…
— Hurbildu natzaiok, eta saiatu nauk lasai hitz egiten. «Ez al duk Alemania nahiago?», galdetu zioat. «Onenak dituk futbolean, askotan irabazi ditek mundiala», esan zioat. Eta Anderrek ezetz. Gero Marca España-z hitz egin zioat, ez zitzaiola komeni Ander eta España esaldi berean agertzea, egunen batean damutuko zitzaiola. Eta Anderrek, temati, ezetz. Gero langabeziaz hitz egin zioat, PIGS-ez, Barcenas-ez eta etorkizunik gabeko lurralde bati lotuta egoteak etorkizunean ekarriko dizkion ajeez. Eta berak ezetz.
— Eta zer egin duk?
— Baloiari sekulako ostikada eman, eta sasi artera bidali. Bazekiat, denei izorratu zieat arratsaldea, baina batzuetan osaba batek osabaren papera jokatu behar dik…
Maratila
Ekonomia klaseak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu