Auskalo nola —jaunaren bideak ezin asmatuzkoak dira—, sinadura eskaera bat iritsi zait posta elektronikora: TV3 i Catalunya Ràdio són teves plataformak bidaltzen dit, eta Ikus-entzunezko Komunikabideen Korporazio Katalana —gure EITBren baliokidea—osatzen duten hedabideek katalanaren normalizazioan duten eginkizun ordezkaezina babestea du helburu. Diagnosia argia da: korporazio publikoaren barneko hedabideek azkenaldian jasan behar izan dituzten murrizketek —aurrekontu langileak gutxiagotzea lau urtez, Canal33 kate kulturalaren emanaldia gauera baztertzea, 3XL gazteentzako katea kentzea, ICAT-FM irrati katea Internetera mugatzea— eta jasan ditzaketen murrizketek —ehunka langile kanporatuko lituzkeen espediente bat gauza daitekeela diote hainbat mediok— arriskuan jartzen dute hedabide publiko katalanen eredua. Eta garbi daukate azken urteotan katalanaren normalizazioan eman diren pausoak hezkuntzako hizkuntza murgiltze sistemari eta hizkuntzaren erabilera instituzionalari esker etorri direla, baina baita ikus-entzunezko hedabide publikoen indartzeari esker ere, tokiko hedabideen ekarpena ahaztu gabe, noski —eta bai, ez da ezer aipatzen herri mugimenduari buruz—. Eta sinadura eskaera nigana nola iritsi den ez dakidan arren —kanpaina hedabideetako profesional katalanekin pentsatuta dago, eta ni ez naiz hedabideetako profesional, ez, deabruak guarda, katalan—, pozten naiz jaso izanaz. Are gehiago pozten naiz aste honetan jaso izanaz.
Aste honetan, jakin dugunean, adibidez, EITBren zuzendaria aukeratzeko negoziazioak ohiko kargu banaketa bilakatu direla, hau da, nik uzten dizut hau han jartzen, zuk uzten badidazu beste hura hemen. Eta proiektua? Zer eredu izango du euskal irrati-telebista publikoak datozen urteetan? Edo aste honetan, jakin dugunean, adibidez, haur eskoletan gaztelaniari leku gehiago ematea babestu dutela EAJk, PPk eta UPDk. Eta bai, dena zaku berean sartu dut. Dena zaku bakarra baita. Eta bai, arrazoi zuen Xabier Usabiagak Euskadi galdezka-n —eta barka berriz aipatzea, iltzatuta geratu zait—: «Euskara ez da etxea eta jatekoa bezain premiazkoa, baina nonbait herritarrak horren gainean kezkatuta daude». Salvador Espriuren hitzekin geratzen naiz ni —aurten, jaio zela 100 urte—: «Ã‰s molt fàcil de rebentar, és molt difícil de construir» (Oso erraza da suntsitzea, oso zaila da eraikitzea).

Komunikazioa. Ekografiak
Erraza eta zaila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu