Tamalez berba hau leku komuna da euskaldunondako, aspaldi honetan. Hitza aditu eta norberari idei zaparrada bat edo bi datorkio burura. Niri bederen hala gertatzen zait. Egiazki nahiago nuke espetxea Esperen etxea izatea, edo bertze deus. Dakigunez, ez da hala.
Espainian jaio garen euskaldunok gertutik ezagutu dugu herrialde monarkikoak justiziari eskaintzen dion ospea eta afana. Okerbide estatua da Espainia, labur errana.
Lagun batzuk izan ditut eta dodaz ziega ezberdinetan. Igandean bertan, marianito tenorean, espetxe batetik bueltan zetorren lagun batek gelditu ninduen, solasteko materiala bazela eta. Kontatu zidan Olga ongi dagoela, beti bezala, arras eder. Anekdota gero heldu zen. Kartzela berean Isabel Carrascoren heriotzan zerikusi duten hiru emakumeak daude. Lehenbiziko bisita eguna zuten beraiek. Usu gertatzen den gisan, galdu xamar zeuden emakume horien ahaideak. Laster ohituko dira, seguraski. Espetxeak kosmos partikularrak dira, bakoitza unibertso bat. Ez dakit norainoko harremana izanen den euskal preso politiko bat eta PPko militante (ohi?) batzuen artean. Ziur naiz teorian espero daitekeena baino gehiago. Auskalo.
Honaino errealitatea. Antzezlan baterako materiala dago egoera horretan. Anekdota hura aintzat hartu eta zerbait taularatuko balitz fantasiazko obra dela leporatuko lukete. Argi dago errealitatearen abiadura 3769 k/o dela (azken datuen arabera). Fikzioa, berriz, ahal duen bezala doa, mantso, zatarki, jauzika baina goxo, eder, aspergarri eta mehar. Dotoreagoa da errealitatea. Mmm.

Maratila
Espetxeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu