Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Estresometroa, goian

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dena ematen. Estatu espainiarreko irrati-makinak ez dira geratu, hitzaren ekoizpenak ez du etenik izan itxialdia deklaratu zutenetik. Esatariek mikrofonoetara itsatsita jarraitu dute ezkutuko automatismo batek hauspotuta bezala, irrati estudioetatik nahiz etxeetatik jardunez. Horixe izango da maiz aipatzen den irratiaren xarma, probatzen duenari eragiten dion adikzio erremediorik gabekoa. Errealitate larrira itsatsita eta herritarrengandik gertu-gertu igaro dituzte eguneko ia ordu guztiak. Antsietate eta estres handiko egunak izan dira irratigileentzat, eta indarrak neurtu beharko dituzte geroan, osasun fisikoa nahiz mentala kexaka hasi aurretik. Libera daitezela edonorengana iristeko obsesio horretatik, eta saia daitezela entzuleoi patxada transmititzen. Ez daitezela kezka ez dakit noizko elkarrizketa interesgarri bati hautsak kentzeagatik. Jada irabazita baitauzkate txaloak, osasungintzako langileek lain bai.

Sentsazionalismoa.Ser kateak atzo goizeko albistegiko titular nagusira eraman zuen Valentzian bezperan kale batean gertatu zen autoen kolapsoa; bigarren etxebizitzara zihoazen gidariek sortua omen zen. Albistea sakontzen hasita, ordea, bakanak ziren hala jokatzen ari zirenak; gehienak lantegietatik etxera itzultzen ari ziren langileak ziren. Bada, baten batek irrati horretan erabaki zuen titular deigarria izan zitekeela, entzulea aztoratzeko adina, jada konfinamendu kolektiboak asaldatzeko arrazoiak emango ez balitu bezala. Zer premia dauka irratiak telebistako estilo sentsazionalista plagiatzeko?

Egañaren errietatxoa. Xabier Sukiak eta Manu Etxezortuk Andoni Egañarekin Faktoria saioan ostegunean edukitako solasalditik, bi gogoeta ekarri genitzake, irratiari lotuak. Intimitatearen kontrakoa den extrimitatea bizi dugu, erakuskeriaren aroa Egañaren ustez, eta irratiek ere errietatxoa merezi dute: «Ez zait iruditzen aita zoriontzeko Euskadi Irratitik pasa beharra daukadanik. Oraintxe ari zineten horretan. Ulertzen dut, hedabideak zarete, baina ea zer hedatzen dugun...». Bestalde, egunotan dena etxetik egin litekeela sinetsita gaudela-eta, kopetilun ageri da Zarauzkoa. Bertsoa komunikazioa denez, zaila da horma bati begira hori gauzatzea. Bertsolarientzat gauzarik antinaturalenetakoa omen da irrati baten egoitzan ez dakit nori bertsoak kantatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.