Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Etsaia etxean? Et, Et, Et

2014ko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Logika bete da Nekeza zen ulertzea Ser kate gero eta kontserbadoreagoak bere etxean ametitzea Javier Gallego (Carne Cruda) bezalako lehergailua. Monarkiaren aurkako eta, batez ere, Ahal Dugu fenomenoaren aldeko diskurtsoak hautsi du 2012an piztu zen komenientziazko ezkontza. Gogoan hartu, orduan, Gallego R3etik belarrondoko batez kalean geratu berritan, Ser kateak Ondas saria eman, eta fitxatu egin zuela PP xaxa zezan. Boomerang efektua jasan du, ordea, irratiak, hark eskuineko politika (PSOE barne) satirizatzeko joerari eutsi baitio. Ser katearen sareko orrian irratsaiorik entzutetsuena izan arren, ez omen zeukan lekurik programazioan…

Mentalizatuta Asteazkenean egin zuten azken irratsaioa Javier Gallegok eta haren lankide Ana Alonsok eta Alfonso Latorrek. Gallegori, mihiari kosk eginez bezala sumatu zitzaion. Haustura zibilizatua izan dela arrazoitu zuen; irratiaren eta irratsaioaren ildo editorialak ez zetozela bat. Autonomia mantentzeko beharrezkotzat jo zuen independentzia, eta horrexegatik leku aldaketa. Badirudi oso mentalizatuta zegoela idilioak amaiera bazuela eta, bitartean, estatuko entzulego progresista zabal batengana iristeko plataforma ezin hobea suertatu zaiola Ser katea. Zarata egiten segitu nahi du irailetik aurrera, sarean egindako irrati bidez, Carnecruda.es helbidean. Hala bedi.

Irratitik pantailara Barkatuko ahal dit Aritz Galarragak bere eremuan muturra sartzea! Horren baita tentagarria disekzionatzea telebistarako jauzia eman duen irrati esale bat, are gehiago, tartean bada Jon Bilbao, Almudena Cachoren luxuzko ordezkoa izatera kondenatuta bizi den kazetari fin hori. Por fin, viernes (ETB2) saioko estreinaldian, irratian bezain natural, arin, gozo jardun zuen, eta frogatua utzi zuen maxima hori: hitza, erretolika hil ala biziko duen kazetariarentzat irratia dela unibertsitaterik eraginkorrena. Saioko edukiek, baina, kopeta zimurtzeko motiborik eman zigun. Esaterako, Goirigolzarri Bankiako presidentearekin erakutsitako otzantasuna, edota mahai inguruetatik euskal adar politiko bat baztertzeko mania zaharkitu hura berreskuratu izana. Bilbaok ez al zuen Iñaki Lopezek eman digun irakaspenetik edango: alegia, ETB2n ateak irekiak izateko premiazkoa dela hankamotzeko eztabaida mahaiak osatzea (LaSexta Noche).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.