Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Ez da posible

2014ko martxoaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kontraesanak. Hildako guztiek merezi dute errespetua. Baina, halaber, merezi dute neurrian jaurtitzea bere alde-aldeko iritziak, eta barregarrikerian erortzeko arriskua saihestea. Ez baita posible esan diren guztiak berarekin biltzea gizaki bakar batek. Motz gera baitaitezke santu bategatik eliza katolikoko propagandistek idatzi izan dituzten bertute eta mirariak. Javier Ortiz baten luma zein mihi zorrotza, gauzak erlatibizatzearen aldekoa sumatzen dut faltan, Azkunaren figurak inspiratu dituen kontzeptu batzuk eraits zitzan, giza logika aplikatzen zekien eran. Esaterako, alkate bat nekez izan baitaiteke sentsibilitate guztien bateratzailea, oposizioko parte batekin ez badu herentzia jasotzera ere joan nahi. Nekez uler baitaiteke zakarkeria dohain izan daitekeenik gizakien arteko bizikidetza eraikitzeko. Edota oposiziokoek adieraztea oso-oso alkate ona izan dela, eta alkategaiak aurkeztu izana aldi berean…

Faroltxo gorria. Jendea samin betean dagoelarik ez da izango unerik aproposena korrontez kontra egiteko igeri, konforme. Baina gauza bat da errespetua, eta bestea EITBko kazetariek gehienetan erakutsi duten jarrera akritikoa erreakzioen bila joan direnean. Maite Artola sumatu da, agian, olatuari kontrapuntu txikia jartzeko ahaleginean, 30 urte pasatxoan euskal politikari hori sekula elkarrizketatu ezin izan duen irratian. «Geure kulturaren eta tradizioen maitale» ere bazela esan zaigu, eta edozein euskaltzaleri legez barruak nahastuko zitzaizkion Artolari ere, «tira, aurreskua estimatuko zuen, baina euskara piperrik ez!» esanez batera. Ostiraleko solasaldian, amua jarri zien Jon Sarasua eta Anjel Lertxundiri, eta bigarrenak egin zion kosk: Azkunak Unamuno eta Otero Bilboko ondare zituen, Aresti ez bezala. Idazleen haritik tiraka, Julen Gabiriak alkatearekin izaniko pasadizo ilustragarria gogoratuko nuke (Eibar.org/blogak/gabiria/110).

Atzerapausoa. ETB2ko eta REko zenbait kazetari ezagunekin etsaitu nahi ez izatearen traza hartzen du legebiltzarrean alderdi abertzaleek herenegun adostu zuten testuak, EITBn hizkuntza irizpideak hizpide hartuta. Adrian Garcia egile dutenbi erreportajeetan, orrialde honen azpialdean, bikain jaso da EITBn hizkuntza normalizazioan sinesten duenaren harridura eta haserrea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.