Ane Muñoz.
Maratila

Ez kontatu niri

2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Kontatu didate Nueva Yo… zera, munduko bazter batean istorio harrigarri bat gertatu zaiola bati. Giza-jokabideen kontraesanak nabarmen uzten dituen istorio ezatsegin bat. Berez gogor samarra bada ere, hain ezohiko eta bitxia da, kontatzea merezi baitu. Kontatzea, partekatzea, eta horren inguruan hausnartzea. Kontatu didanak, berriz, ez inori kontatzeko eskatu dit. To!

Aitortzen dut nahiago dudala «ez kontatzeko» moduko istoriorik ez jakitea. Ez, gertukoa bada behintzat. Inori kontatuz gero kondenatua izango zaren mehatxupean kontatzen dizu-eta kontatzen dizunak. Traidore hitza erabiltzea besterik ez zaio faltako. Zer ezerosoa, ezta?

Gertakaria garrantzitsua denean, ordea, eta ez txutxu-mutxu hutsa, zaila izaten da jakingo ez bazenu bezala jokatzea, ezin partekatzea, eta biziki hunkitzen zaituen arren, betiko barnean gorde beharra. Gainera, beste inor istorio bera kontatzera datorkizunean, harrituarena egin behar. «Ez dakit ezer». Faltsua. Tira, eta oraindik ere zerbait bazenekiela igartzen badizu, akabo. «Ez inori kontatzeko» eskatu zizutela errepikatuko diozu, baina halere mindu egingo duzu, haserretu, ez baitu bere burua «inor ez» horren barnean kokatzen. Horra, sekretua mantendu duzun arren, traidore bihurtua.

Ba ezin kontatuak barneak erreko badizkit ere, zin dagizuet ez dudala gertakari harrigarri hori aho handi honetatik askatuko. Harridura keinua erabiltzeaz gain, eztarriaren inguruan lokarri imajinario bat prest izango dut badaezpada, eta horrela, kontatzeko tentazioa inoiz iritsiko balitz, lokarria estu-estu lotuko nuke, ni neu, hemengo kontakatilu hau, behin betiko ito arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.