Eta, kontxo, nola jarri diren batzuk Frantzia aldean. Ez dakit, aspertuta ibiliko dira, ez dute izango zeregin hoberik; ez diot azalpenik aurkitzen bestela gay eta lesbianen ezkontza eta adopzioari buruzko legea sortzen ari den erantzun zabar, biolento, garaiz kanpokoari. Ikusi duzue azken egunotako irudi bilduma? Ez bakarrik «aita bat, ama bat» exijitzen duten manifestazio afrusena, baita legea ez onartzeko Frantziako Parlamentua indarrez inguratu duten ultraeskuindarrena ere. Frantzia aurrerazale, aske, eredugarria, beste behin ipurdi bistan. Enfin, erotuta daudela galiar hauek. Horien aldean, ordea, harridura handiago sortu dit beste honek: albistegietako irudi asko eta askotan gizonezko homosexualak agertu dituztela bakarrik, emakumezko homosexualak, emakumezko izateagatik, bazter utzita berriz. Baina zalantza bat geratu zait besteen gainetik: orain sexu berekoen ezkontza onartu dutela, ea TF1 kateko 4 mariages pour 1 lune de miel saioan onartuko duten orain bikote homosexualik.
Euskal Herrian, ordea, eta nahiz manifestazio lotsaemangarri horietako baten erdian ikurrina bat erakutsi diguten hedabideek, beste gauza batzuekin gabiltza dagoeneko. Eta zinez da seinale ona. Horrela interpretatzen dut, behintzat, Iparraldearen orena saioak apenas tarterik eskaini izana aste honetan aipatu legearen onartzeari. Gauza gutxi, soilik otsailean dagoeneko eman zituzten irudi batzuk asteartean —eta hemen aipatu genuen otsaileko erreportaje haien lan txukuna—. Baina seinale ona da hori ere, pultsua hartu zioten bere garaian gaiari —erakutsiz, adibidez, nola hainbat euskal hautetsi legearen kontra zen—, eta orain beste kontu batzuk dira gurean gaur-gaurko gai. Adibidez, Ipar Euskal Herrian lurralde elkargo berezia sortzeko desmartxa. Franck Dolosorren arabera, «egun hauetan ez da besterik aipatzen», eta lurralde elkargoaren proiektua ulertzeko, zenbait giltza eskaini zizkigun Iparraldearen orena-ren astekarian. Samur, zuzen, klarki, proiektua zertan den edozeinek, baita hego euskal herritarrek ere, ulertzeko moduan. Noski, bidea ez da erraza izango, oztopo aski bada Paue, Bordele, Parisen. Bide luzea; baina gay eta lesbianen ezkontzen onartzeak erakutsi digu asteon Frantzia aurrerazale, aske, eredugarria kontra izanik ere nahikariak gauzatzen ahal direla.

Komunikazioa. Ekografiak
Frantzia kontra izanik ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu