Ion Orzaiz.
HAUTESKUNDE XANPAINA

Gaixoak gu, Jose Luis... gaixoak gu

2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Uztailak 15, 00:15ean. Gaixoa Ni-aren osteko parranda. Ehunka iruindar dabiltza Alde Zaharreko karriketan gora eta behera, festaren azken orduak zukutu nahian. Burrunbatik aldenduta, ordea, bilera klandestino baten hotsak aditu litezke Erorien Monumentuko sotoan. «Hauteskunde kanpaina hau ez doa ongi, Maria del Carmen», esan du gizonak. Dagoeneko kendua du zapi gorria, eta agerian utzi du polo zuriko lepoaldean brodatutako banderatxoa. «UPNren eta PPren artean apenas uzten diguten aldarrikapen propiorik. Geure burua nabarmendu behar dugu, eskuin muturreko alderdi gisara!».

Baiezko keinua egin du Maria del Carmenek, patrikan daraman arrosarioko bolatxoak oharkabean zenbatzen dituen bitartean. Beti funtzionatu izan dio horrek, tentsio unetan. «Arrazoi duzu, Jose Luis», esan du: «Zergatik ez ditugu euskarazko egunkariak debekatzen?». Jose Luisek ezetz, buruarekin: «Hori egina dago jada. UPNk egin zuen, 2009tik 2015era, Nafarroako liburutegietan». Egia. Ahaztua zuen Maria del Carmenek. «Eta txosnak debekatzen baditugu?». Kale, berriz ere. «Berritu errepertorioa, Carmen. Hori Barcinak egin zuen duela 20 urte». Brainstorming betean hasi da andrea: «Ezabatu LGTBI banderaren koloreak eraikinetatik! Sexualitateari buruzko hitzaldiak eta antzezlanak zentsuratu! Irrati lizentziak ukatu! Kaleko kontzertuak debekatu! Abortu librea oztopatu...!».

Isilik geratu da Jose Luis, serio. «Onar dezagun, Carmen: gure alderdiak oinez ikasi zuenerako, UPNko hauek maratoiak egiten zituzten». Sotoko argiak itzali eta etxera joan dira. «Gaixoak gu, Jose Luis. Gaixoak gu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.