Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Galtzaileetan behinena

2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lagunak gaztigatu zidan: «zer, ez duk NO-DOari buruz ezer esan behar?» Ez nekiela zehatz zertaz ari zen nik, TVEko albistegiez, auskalo ETBkoez, NO-DOa itzuli ote den telebista kateren batera. Oker nenbilela, begiratzeko Espainia aldeko telebista publikoaren bigarren kateari: «Ez zakiat zehazki zer den, kristoren goitinahia ematen zidak; hiri utziko diat deskubritzeko gozamena». Horretarako ordaintzen omen didatela, hara, telebista ikusteko. Ezagutu nahi nuke laguna duenak altxorra duela esan zuen iluminatu hura.

Arrazoi zuen, bada, lagunak: larunbatero, azken bietan, Los años del NO-DO izeneko dokumental sorta eman du La2 kateak. Gaur izango da hirugarren emanaldia, garaiz zaudete oraino igotzeko trenera. Honetan datza dokumental bakoitza: 50 minutuan 36ko Gerra bukatu osteko urteen errepasoa egiten da, beti ere NO-DOaren irudien laguntzarekin. Emanaldi bakoitzak bi urte hartzen ditu, 1977. urtera artekoak; gaurkoak, ondo bidean, 43-44.ak hartu beharko lituzke hartara. NO-DOko irudiekin osatutako dokumental bat; NO-DOko off-eko ahotsarekin tarteka, gaurko off-eko ahots bat gehituta marteka. Harkaitz Canok esana du egunkari honetan: «Ukaezina da NO-DOaren balio dokumentala, baina nago, atzera begira egiten diren ahalegin gehienak frankismoa Laurel eta Hardyren mailara ekartzekoak ote diren». Izan ere, okerragoa iruditzen zait beste hau: gaurko off-eko ahotsak izpiritu kritikoa izan nahi luke, hots, garai hartan NO-DOak esan ez zuena esan. Emaitza: jogurt azukreztatuari azukre gehiago botatzea bezalakoa. Adibide bat: entsaladilla errusiarrari nazional, mendi errusiarrari suitzar, txanogorritxuri txanoarrosatxu jartzea; hara hor frankismoaren hizkuntza politika bakarra.

Eta gero galdetzen dit beste lagun batek egia ote den, zutabe hartan nioen bezala, dagoeneko ez dudala Espainia aldeko telebista publikoa ikusten. Benetan La2 ere ez ote dudan ikusten. Nola bada, Los años del NO-DO eta hortik gorakoak ematen badituzte orain? Baina NO-DOarekin hasi garenez, buka dezagun: albistegiak iruditzen zaizkit egungo telebistaren puntu beltzetako bat. Agintarien lerro editorial, horien inguruan eraikitzen ote diren kateak, kate bat horiek baino ez direla ulertzeraino. Eta gerra horretan, NO-DOak esango du nahi duena, ez ote den informazioa galtzaileetan behinena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.