Ane Muñoz.
Maratila

Galtzerdiak eta zuloak

2013ko ekainaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dit sekula graziarik egin zuloak dituzten galtzerdiekin ibili beharrak. Ezerosoa baita oinarentzat eta, bereziki, zuloan atrapatuta, erdi itota geratzen den behatz punta zurtz gaixoarentzat.

Ba, atzokoaren ondoren, ezerosoak soilik ez, galtzerdien zuloak arriskutsuak ere izan daitezkeela frogatu nuen, oi ama.

Goizean janzterakoan, galtzerdi erabilien artean, estreinatu gabeko parea topatu nuen tiraderan. Hau luxua. Lehena jantzi, eta, hara, hari luze bat zuen zintzilik. Hasi nintzen haritik tiraka, ni bai tuntuna, eta zast, konturatu orduko zulo absurdu bat egin nion galtzerdi berriari. Kaka. Akabo galtzerdi berriak, bezperakoak jantzi eta kito, zulorik ez badute behintzat…

Autoan nindoala, beti bezala korrika eta presaka, kilima arin batzuk sentitu nituen hain justu azeleragailua zanpatzen ari zen oinaren puntan. Hau ezustekoa. Bolantea ondo helduta eta begiak errepidean beti, nola ez, oina astintzen hasi nintzen. Harritxoren bat izango zen, ezta. Ba, ez. Oina behin eta berriro astindu banuen ere, kilimak ez ziren eteten. Behatz txikitik lodira, aaaiii, erdi kilima erdi azkura… ze ezerosoa! Eta ezin bolantea askatu.

Orduan, to, paranoia: eta zerbait bizia badabil hor barruan, eta koska egiten badit, zizta edo…

Kilimak gero eta biziagoak zirela ikusirik eta autobian gora ezin deus egin, bide ertzean gelditzea erabaki nuen. Ze kristo! Hantxe, bota kendu eta, horreur, erle potolo bat neraman galtzerditan itsatsita! Eta ezin askatu. Jakina, zuloren batetik oina ziztatuko zidalakoan bazegoen, horra madarikatuarentzako zigorra, nire bezperako galtzerdi erabilien efektuagatik itota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.