Mikel Asurmendik Argia-n egin dion elkarrizketan, Roberto Jimenezek onartu du PSNk akatsak egin dituela, baina «egia da terrorismoak baldintzatuak izan garela»; Nafarroako ospitaleetako sukaldaritza zerbitzua pribatizatu izanak ekarri duen anabasa justifikatzeko, Osasunbideak erran du ELA eta LAB sindikatuak sabotajea egiten ari direla enpresa berriari; Yolanda Barcinak berriki adierazi du Nafarroako Kutxan egoteagatik eskuratu zuen informazioa ez zela informazio pribilegiatua izan, L'Oréal bezala parce qu'elle le vaut bien eman ziotela, eta, Kontuz! elkarteak paratu dion salaketari dagokionez, seguru dela bera aterako garaile, berriz ere ezker abertzaleari irabaziko diola.
Hiru adierazpenetan, «deabru» solasaren sinonimoak diren «terrorismoa», «ELA eta LAB» eta «ezker abertzalea» dira nafar hautesle zintzo ez-identitario ez-ideologizatuari eskaintzen zaion giltza nagusia, hark egoera behar bezala interpreta dezan, baina hitz benetan magikoa Barcinak baizik ez du aipatu: garaile.
Abertzaleen balizko mehatxuari esker, garaile izan baitira beti, horren kontura zernahi justifikatzera jarriak baitira: gobernatuko balute, holokausto kanibala iritsiko litzateke, zaborra sailkatzera behartuko gintuzkete vasco gaizto horiek, edo Xabier izeneko ixa ongi ahoskatzera, edo —The horror! The horror!— espainolak ez izatera.
«Guk kontu identitarioei ez diegu kasurik egiten», erran du Jimenezek Argia-n. Ezta Barcinak ere, jakina. Kezka horiek Nafarroa foral eta espainola desagerrarazi nahi dutenen kontuak baitira soil-soilik. Nafarroako Kutxa erran duzu? Zer da hori?

Maratila
Garaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu