Approximativement izan zen Lewis Trondheim-en irakurri nuen lehen komikia. Espainolez, Astiberriren edizioan. Itzulpena, oro har, txukuna zen. Une jakin batean, ordea, bi pertsonaia komentatzen ari dira hirugarren baten etxean izandako besta; dena primeran joana zen, detaile txiki bat izan ezik: bi lagun atzemanak zituzten komunean, «besándose».
Ez da frantsesa sakonegi ezagutu behar igartzeko zein zen jatorrizko bertsioko aditza, eta, hortaz, ohartzeko komuneko bikotea ez zela soilik musuka ari. Pasadizoa polita da, nahi gabe bada ere eufemismo bat agerian uzten duelako. Sexuan zein politikan, eufemismo batzuek beren burua dekonstruitzeko joera baitute: dena gezurra da, gauza batzuk salbu.
Baise-moi zuen izena Virginie Despentesek eta Coralie Trinh Thi-k zuzendutako filmak: Ameriketan, Rape me bihurtu zuten, gauza berbera ez den arren. Iduri luke PPren hautesle errendituek baise-nous eskatu diotela Raxoiri, eta hark ere esaldia the American way ulertu.
Eztabaida interesgarria izan da egunotan Interneten, ea euskaldunok zer egiten dugun orgasmoan, bagoazen edo bagatozen. Batzuk, aldiz, ez gatoz, heldu baikara, baina hori komunikaziorako oztopo izaten ahal da, baldin eta bikotekideak ez badaki bidean gauden edo dagoeneko helmugan. «Bandatu, bandatu, eta ezin branlatu», Hegoaldera pasatzen ez omen den txistea (Asiskok kontatua), frustrazioaren adierazgarri. Zeren, gauzak nola dauden ikusita, hobe genuke lehenbailehen joanen bagina, baina horretarako denek bat(era) etorri beharko genuke.
Eta beldur naiz hori, Euskal Herrian, biziki zaila izanen den.

Maratila
Gatozen, bada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu