Maratila
Gerra zibila (eta III)
Hospitaletik ateratzen ahal izan zen Onesimo Don Jose apaizarekin. Heltzen ahal izan zen taxia Iruñetik Baztanera oraino gerra berritsu baitzen. Kontrol eskasak baitziren mendi aldera buruz oraino. Bertze nonbait zituzten arrangurak, Aragoi aldean, Katalunia aldean, tiroka ari ziren lekuetan... Handik aski fite leku guztiak kontrolez beteko zituzten. Bide-juntak, bidegurutzeak. Ez zen nehon pasatzen ahalko. Bidean, Juan Tomas taxilaria konturatu zen Onesimok boneta gorria kendu zuela eta sakelean sartu zuela. Eta mesfidatu zen zergatik kendu ote zuen, zergatik sakelean gorde ote zuen. Gero jakin genituen berek erranik. Juan Tomasek ereerran baitzigun gero, ohartua zela bidean boneta hartu eta sartu zuela sakelean Onesimok. Etxean, Onesimok gure aitari erran zion ez zela gibelera gehiago itzuliko. Ez zela gerrara joanen. Gau berean faltatu zen etxetik. Eskapatu zen. Gerra bizi bizia zen. Euskaldun guztiak hiltzen ari zituzten. Eskapatzen zelarik, ahal bezala ibili behar zen Frantziara pasatzeko, eskapatzeko gerratik. Gure aitak Onesimori xehe xeheki esplikatua zion Frantziako aldean den lehendabizko etxera —izenez Bidegainea— heltzeko nondik iragan behar zuen. Izpegitik pasatu behar zuela, baina bazterretik 'kasu… han duk karabineroen etxola… ez hadila hurbil hara preso hartuko haute', xakur ttipi bat ere bazutela, Tuturru eskuin zuela, peña mutur horren zangotik zihoan bidexka segituz Frantzian zela, eta han beheiti lehendabiziko etxea zela Bidegainea. Hara joateko. Ezagutzen zituela lehenagotik, jende onak zirela. Han gorde zen Onesimo… Horiek gertatuak guri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu