Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Goooolaren inflazioa

2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bagara. Kirol emanaldiek (futbola nagusiki) gero eta gupidagabekiago mozten dituzte magazin, kultur eta musika saioen lepoak. Espainiako ligan, esaterako, ostiralekoa izan zen futbolik gabeko egun bakarra apirilean. Audientzia igoko dute, baina horrek ez du kentzen praktika diktatorialtzat definitzea egoera. Kaltetuak urri izango gara akaso, baina izatez, bagara. Arratsetan, nahiago dugunak kulturgileren baten gogoetak entzun, Prieto edo Adurizen hanka jokoak zehatz eta zuzenean jakin baino. Konformatuko ginatekeenak kirol ekintza horren kronika labur batekin. Nahiz eta kirol zale amorratuak izan.

Zenbat gara. Iritsiko al da eguna kaltetuen elkartea —herri honi falta zaion bakanetakoa— sortuko dena? Auzitan jarriko duena irratiek ezarritako balioen hierarkia dogmatikoa, absurdoa: begien gozamenerako egina dagoen ikuskizun baten zuzeneko emanaldia, ahotik belarrirakoa, beste edozeren gainetik jartzen duena. Bilduko dituena kristau erresignaziora kondenatutako entzuleak.

Eta esatariak. Beren irratsaioa eskaini ezinda geratzen diren esatariak ere kaltetuen zakuan sar genitzake. Kokoteraino egongo direla pentsatu beharko da, eta ez pozik jaieguna hartzeagatik. Iturbek maiz egin izan ditu dejadak txokora, bere-bereak dituen hitz jokoak eta ironia erabiliz. Fermin Etxegoienek dilema shakespearearra haizatu zigun herenegun: futbola lagun ala arerio. Galdera ederra, programazio buruek, esatariek eta entzuleek behingoz erantzutera jartzeko aitzakia polita.

Haize berriak? Juan Carlos de Rojo herenegun itzuli zen irratira, hilabete mordoa mikrofonoetatik urrun egon ostean. Moto istripu madarikatu batek galarazi digu haren ahotsa entzutea, aitortu zigunez. Indarberriturik heldu da, eta ez dugu itxaropena galdu behar. Posible ote da Graffiti eraldatu bat, Iñigo Lejarzak eta biek egindakoa, Espainiako erreferentzia kulturalei gutxiago eta Euskal Herrikoei gehiago begiratuko diena?

Futbolak baimenduta. Huts egin ezineko saioa jarri zaigu ostegun gauerako, Ganbara-n. Zer esatekorik baduten hainbat gonbidatu, eredu demokratiko berri baten inguruan. Gaur egungo errealitate politiko berriaren harira, Xabier Garcia Ramsdenen eskutik, zeinak EITBko irratietan proposamen ausartenetakoak eskaini dizkigun eta laster ezkutatuko zaigun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.