Pasa den igandean Athleticeko jokalariak Rayoren aurkako partidan zelaira irten ziren unean ohiko errituala ikusi ahal izan zen: ereserkia bozgorailutik, argi zuri-gorriak eta zaleak zutik, bufanda eskuan, taldea animatzen. Bazen, ordea, deigarria eta bitxia zen elementu bat: jokalariek The Last of Ushitza zeramaten kamisetan erantsia.
Astelehenean estreinatu zuten The Last of Us arrakastatsuaren bigarren denboraldia eta Athleticeko gizonezkoen futbol taldeak eta Max plataformak akordio bat egin ostean, edukia modu horretan promozionatzea erabaki dute. Horrez gain, San Mames estadioko fatxada argiztatuta ere egon da, estreinaldiarekin bat egiteko.
Ez da geurean egon den adibide bakarra: 2023an, Anoetan, Spider-Man unibertsoko pertsonaia gisa karakterizatutako bi pertsona jaitsi ziren Realaren zelaira Real Madrilen aurkako partidaren atarikoan. Spider-Man: Across the Spider-Verse filma sustatzeko ekintza izan zen.
Euskal Herriko mugetatik harago, Frantziako Lupin seriearen kanpaina ere bitxia izan zen. Bigarren denboraldiaren estreinaldiarekin eta gizonezkoen Europako Futbol Txapelketaren hasierarekin batera, Omar Sy, telesaileko protagonista, zeharka agertu zen Toni Kroos, Lorenzo Pellegrini, Clément Lenglet eta beste jokalari batzuek Instagramen argitaratutako zenbait argazkitan. AEBetako NBA ligan Space Jam: A New Legacy filmarekin eta 1 Formulan Drive to Survive dokuseriearekin ere ekintza deigarriak egin zituzten.
Agerikoa da ikus-entzunezko edukiak sustatzeko moduek bilakaera ikaragarria izan dutela azken urteotan eta kirola plaza boteretsua bihurtu dela horiek promozionatzeko. Gurera ekarriz, bi irakurketa posible egiten ditut nik: batetik, euskal taldeek duten indar eta oihartzun mediatikoaren isla da; orain urte batzuk pentsaezina zen Real Madril edota Bartzelonaz harago beste taldeetan horrelakoak ikustea.
Baina, bestetik, guztia gehiegi «amerikartzen» ari direla iruditzen zait, eta kapitalismo eta globalizazio basatiaren tentakuluak edozein txokotara heltzen ari direla. Atsedenaldietan egoten diren Kiss cam, Dance cam eta ergelkeria horiekin adibidez nazkatuta nago (eta ez naiz bakarra). Euskal kulturari lotutako ekintza gehiago falta dira; gure nortasuna, izaera, eta kirola bera zapuzten ari dira.