Gustuko dut mozorrotzea, betidanik. Aurten, jaietan, behin baino gehiagotan tokatzen ari zait hori egitea. Eta nola ez, nire pertsonaia gustukoenaz jantzi naiz, hain zuzen ere, gotzainez. Gogoko dut nire bizitza errealean inoiz izango ez nintzen horretaz janztea. Dibertigarria da. Sardiñerok, amabirjinaren egunaren omenez, alu birjinaren prozesioa egin genuen asteazkenean, emakumeen etxeko batukadarekin. Gotzainez eta alargunez jantzi, eta danborren soinuarekin ekin genion alde zaharreko kaleetan zehar. Azken-aurreko parada, Ikatz kaleko Aurresku tabernan egin genuen. Bertan zegoen Elenita, tabernako jabea. Iritsi, eta betiko moduan, irribarre batekin jaso gintuen.
Izaera handiko emakumea da Elenita. Izan behar, tabernaria bazara. Hala ere, gu beti tratatu gaitu etxeko moduan, familia moduan. Zoragarria da taberna batean sartu eta seguru sentitzea, lasai. Ez da ohikoena izaten. Zoritxarrez, emakumeok jaietan ere gure gorputzean erasoak jasan behar izaten ditugu, une oro. Arraroa izaten da zure gorputz zati bat ukitua izaten ez den eguna. Masifikazioa aprobetxatuz, batzuek ez dute denbora galtzen beraien desioak asetzeko. Egoera horietan barrara zaoazenean laguntza eske, beti ez duzu nahiko zenukeen babesa jasotzen. Baina hori ez da gertatzen Elenitaren tabernan. Masifikazioak masifikazio, laguntza eske zoazenean, beti izango duzu bertako langileen babesa.
Elenitari gure prozesioaren errezoa egin genion. Denok batera kantatu genuen gure tabernari maitearentzat. Ondoren, ohitura den moduan, garagardotxo bat hartu, deskantsatu, eta ordua iristean gure alu birjina sorbalda gainera igo, eta berriro ekin genion gure prozesioari. Hor utzi genuen Elenita, lanean.
Baina lasai, hau amaitzean itzuliko gara. Neska, gero kedada Aurreskun!

Donostiako Aste Nagusia. BADIATIK
Gure tabernari maitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak