Lapurdiko Itsasun, duela 50 urte sortu zen haize berria ospatzekotan gara. Abertzaletasun politiko eta laiko berri bat piztu zen, eragin handiarekin. Aberri Eguna hitza sartu zen gure kulturan, Pazko berri baten irudi pizgarriarekin. Irlandako 1916ko Pazko odoltsua, baina ere kristau fedeak markatu piztea gogoan zuen jendeak. Jakes Abeberri egun horren zutabeetarik izan zen, «Abeberri Eguna» esanaldia erabili zuten ere batzuek, hainbestetaraino berak aipatu «naziotasun aldatze» baten aukera eskaintzearen teatralizazioa iraultza mentala izan zen. Aljeriako gerra bukatu berria, kolonialismo frantziarra maldan behera Afrikan, Hego Euskal Herriko gazte askoren jazarketa, egun horren sustatzaile izan ziren nonbait. «Lurralde historiko» deituek beren foru eta erregeekilako negoziazio aspaldikoak gainditu ziren, apaltasunez baina funtski: «Geure buruaren jabetasun osoa nahi dugu, herri bakoitzari zor baitzaio mende hontan». Haize berria zinez Itsasun, bota luzeko Pilota plaza zaharraren ondoan.
Haize berriek gure mundu aldatuan ufatzen dute etengabe. Parisen 33. Liburu Azoka, berriro numerikoaren ume eta bultzatzaile azaltzen delarik, horra Enbata aldizkariak bere azken edizio inprimitua eskaintzen digula. Piarres Larzabalek aipatu «paper mende» hura baztertua dirudi, baina digitalak paper horiek baino kontrol erraldoi eta zehatzagoa erakartzen du. Orduko argazkia gaur egun orri histuetan izan arren, Enbata haizea euskal nazioaren gaztetasun berria izan zen, gure arbasoen bizi nahiaren izen berria.

Maratila
Haize berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu