Wohlde herri ttipian gertatu zen, Stapelholmen, Slesvigeko dukatuaren arras hegoalderaturik, 1727ko ekainaren 19an. Arratsaldeko seietan eskalea herrira iritsi zen. Ator gorria, mihisezko prakak gehi zakuto umila, zenbait jaki, zonbait traste.
Tenore hartan populu gehiena laborean, urtegian zen. Eskalea etxe batetik igaro eta zera ikusi zuen: atea zabalik, zahar elbarria. Abagunea. Hau sartu eta ausartu zen; etxea gurutzatu, baratzeraino. Han lihozko oihala topatu, zakutoan sar eta arrapaladan hesia gaindi, ihesa hasi zuen.
Albistea: bolo-bolo. Zaharrak berria kontatu zien etxeko andreei. Zaharrak berri. Emakumeok alarma jo zuten. Jendeak eskalea bilatzeari ekin zion, bai eta aurkitu ere. Kolpeak hasi ziren. Lihozko oihala kendu zioten. Makilekin bilatu zutenez makilok baliatu zituzten eskalea astintzeko. Jipoia urrutiegi joan zen. Ezponda batean utzi zuten, konorterik gabe, ia biluzik, zarpail bat bezin.
Erasotzaileek eginikoaz hausnartu zuten. Gaualdean laborari lapurtua eskalearengana jo zuen: bidea jarraitzeko galdegin zion. Ezin. Eskalea ez zen berriz zutituko.
Herriko alkateak gauari begira zaintzaileak paratu zituen. Mendekuaren beldur, nonbait. Ohikoa ei zen kanporatutako eskaleen erantzuna: sua. Jendeak hala sinisten zuen.
Biharamunean eskalea hilotz zen.
Egun, gero eta eskale gehiago ikusten ditugu gure karriketan. Pairatzen dugun egoera hau krisia omen da. Alta, lapurreta orokorra bertzerik ez da. Idatzi dudan kontakizuna han gertatu zen, oraino Alemania ez zen lurralde hartan. Ez bedi gurean gerta.

Maratila
Han
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu