Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Hasperen batean esanak

2014ko martxoaren 2a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Kantu kontari. Alferrik da Itziar Alduntzinen kontsultara jotzea (15:05-16:00), musika munduko azken-azkenaren bila. Iraganeko perlak (naftalinaz kirastuak maiz) biltzen dira bertan, zahartuxe garenon gozagarri. Baina musikariak datu biografikoekin aurkezteaz gain, badu Alduntzinek morbo dosia eransten diona saioari: biluzi egiten zaigula… emozionalki, esan nahi baita. Musika aurkezle korrektoaren gidoia lagata, pertsonalizatu egiten du bere emaria. Bereak diren aldartea, umorea, sentimenduak isurtzen ditu; kapaz da teknikariarekin nahiz whatsappariekin berriketan murgiltzeko. Egunotan, sekzio berria estreinatu digu: euskal kantariei zuzenean hots egitea (aldez aurretik jakinarazi gabe, alegia), zein onak diren eta zenbat maite ditugun aitortzeko. Baten bat lo kuluxkaren garaian harrapatu eta purrustadaren bat noiz entzungo zain geratzen gara, bada.

Hitzen izen-abizenak. Miguel Angel Aguilar hizpide hartuta autoritate moralaz jantzita datorkigunak nahikoa duela minutu erdia genioen aurrekoan; ezer taxuzkorik ez esan arren, ziurtatuta baitauzka laudorioak. Iritzi-emaileen olinpoan sentitzen ez direnek, baina, tarte luzexeagoa behar dute. Xabier Sukiak eta Jose Luis Padronek bi minutu eta erdikoa daukate egunaren harian sortu zaizkien gogoetak plazaratzeko Hitzen abizenak tartetxoan, Mezularia-n. Bestalde, laupabost dauzkate Miel Angel Elustondo, Maialen Lujanbiok, Felipe Juaristik, Jesus Egigurenek eta Hedoi Etxartek; horiek, Albistegia Mezularia saioan. Nor bere estiloan (Egiguren, batik bat). Guztiak ere, adimenaren gozagarrirako pilula pare irensgarriak.

Badute gehiago esateko. Ihes egiten zaidan zerako zeragatik, ia goizero kamiolari bati hots egiten dio Maite Artolak Albiste Faktoria-n, 08:25 aldera. Minutu erdiko testigantza, ondorengo errepide sare nagusiari buruzko informazioaren eta eguraldi iragarpenaren osagarri izango delakoan, akaso? Non harrapatu zaitugu eta nola aurkitu duzu errepidea, bi galderok zenbateko ekarpena egiten diguten entzuleoi, zalantzazkoa da; zer eta, ez bada transmititzeko albistegia aktualitatera pega-pega eginda bizi dela… Bestelakoa litzateke, Andoni Urruzola, Zigor Gurtu eta Joxe Mari Etxenike errepideko langileek sikiera sektoreko kontuez hitz egiteko jasoko balute deia…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.