Ion Orzaiz.
EZAGUN BAT. IKUSI NUEN

Hau guztiaren errua Yoko Onorena da

2015eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Yoko Ono ikusi nuen atzo, Descalzos kaleko igogailuan —edo funikularrean, Edu Lartzangurenen esanetan—, gora eta behera. Berez, ez zuen inora joan nahi, Alde Zaharrera igo bezain laster ilaran jartzen baitzen berriz Arrotxapera jaisteko. «Performance bat egiten ari naiz. Utzidazue bakean, mesedez», esan zuen soilik, udaltzain pare bat hurbildu zitzaizkionean.

Akaso, performancea bukatuta, Gora Iruñea-koen jai gunetik pasatuko da gaur iluntzean, Def Con Dos taldeari La culpa de todo la tiene Yoko Ono kantu mitikoan koruak egiteko. Akaso ez. Horrelakoxeak dira artista kontzeptualak. Edonola ere, aitzakia ederra eman digu denoi gertatutako guztiaren errua halabeharrari egozteko.

«Zergatik tolesten zituen koilarak Uri Gellerrek?», kantatzen zuten raperoek, eta segituan, Yoko Onori leporatzen zizkioten ezbehar guztiak. Bada, guk geuk ere gauza bera egiten dugu, askotan, konturatu gabe: zergatik dut halako buruko mina atzoko parrandaren ostean? Yoko Ono. Nola gastatu dut hilabete osoko soldata asteburu bakarrean? Yoko Ono. Zergatik dira hain txarrak egitarau ofizialeko kontzertuak? Yoko Ono.

Eta alderdiek ere askotan erabiltzen dituzte halako komodinak. UPNkoek, adibidez, Asiron dute zernahitarako hitz kutuna. Txupinazoa ez badu UPNk botatzen, Asironen errua da; prozesioan ez bada istilurik gertatzen, Asironen errua da; egitarau ofizialean apaizaren ordez sexu erasoen kontrako plataformako kide baten argazkia azaltzen bada, Asironen errua da. Errazagoa baita mundua yokoonoz eta asironez beteta ikustea errealitateari aurrez aurre so egitea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.