Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Hemen han baino gehiago

2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gauza gehiago mugitzen ari da han hemen baino. Kontua interesgarriago dago han iparraldean, hemen hegoaldean baino. Gatazka politikoa deituko diogun hori ez atzera ez aurrera hodeiei begira ari garen bitartean Hego Euskal Herrian, Euskal Lurralde Elkargo baten sortzea eskatu diote Ipar Euskal Herriko eragileek Parisi, aspaldian ikusi gabeko irmotasunarekin —Manuel Vallsen erantzunak ere irmotasun berbera izan du: «Ez da administrazio egiturarik izango Ipar Euskal Herrian»—. Greba dela ez dela nazio arrazoiak klase irizpideen aurretik jartzen ari garen bitartean Hego Euskal Herrian, Aurore Martinen atxiloketa dela-eta inoizko manifestaziorik jendetsuena egin dute presoen alde Ipar Euskal Herrian —eta berriz agertzen zaigu Valls: «Ezin dugu inolako konplazentziarik izan ETA babestu duen pertsona batekin»—.

Txikikeria bat irudituko zaizue horien aldean, baina telebistaz jardun beharra dugunez, hara, ez dezagun ahantz ETBk Xilaba Bertsulari xapelketarekin egindakoa: Amets Arzallus txapeldun izango zenaren azken bertsoak entzuten zirela eten zuten zuzeneko emisioa, albistegien txanda iritsia baitzen —eta zergatik, hortaz, ez dute eteten saskibaloia DBH telesailaren txanda iristen denean?—. Okerragoa izan zen ETBsaten: bertso ikus-entzuleek, eta pentsatzen dut bat baino gehiago izango zela iparraldean bertan, ez zuten albistegirik izan, baizik eta auskalo noizko Kirolez blai mamurtu bat. Eta ez da soilik bertsozaleen afera: bada Xilabaren indartze-sendotzea esperantzarako motibo dela pentsatzen duen Ipar Euskal Herriko lagunik.

Eta horiengatik, ezin aproposagoa iruditu zait Zai Zoi Bele Productions ekoiztetxe independenteak ekoizten duen Kontra saioaren azken emaitza: Ipar Euskal Herria, zer, nola, noiz? titulupean, mahai buelta interesgarria osatu dute: Mixel Hiriart,Frantxoa Maitia, Peio Etxeberri-Aintzart eta Paxkal Indo. Eta 106 minutuko emanaldia atera zaie, jakingarria, adi-adi jarraitzeko modukoa, ipar eta —batez ere— hegoko euskaldunok kasu egin beharrekoa.

Eta gauza gehiago mugitzen ari da hemen han baino. Kontua interesgarriago dago hemen iparraldean, han hegoaldean baino. Hori baitu on mugarik gabeko Europak: hemengo-hango, hango-hemengo, aurrean doana dela beti abangoardia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.