Ane Muñoz.
Maratila

Hemendik nola joan

2013ko martxoaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Amonari zor nion bisita gauzatu eta harekin tarte bat partekatzeak erabat lasaitu dit barrena. Zor nion, bai, nolabait zor, elkar ikusi genuen azken aldian gurutzatu genituen azken hitzengatik.

Ehundik gora gineneko ospakizun jendetsu haren amaieran, nonbait betirako agurtzeko asmoz hurbildu zitzaidan. Ein? «Ez zaitudanez gehiago ikusiko», to, amona. «Txorakeriak» automatiko batekin erantzun nion, baina bat-batean bihotza fisikoki samurtzen sentitu nuen, tak-tak, taktak, gero eta taupada bortitzagoak, taktaktak... Nire baitan nahasia, ez zela nitaz hain erraz libratuko bota nion, zeharkako irribarre batekin urruntzen ikusten nuen bitartean.

Geroztik nire hitz haiek soil eta protokolarioak iruditu ote zitzaizkion kezka izan dut. Horregatik, benetan esandakoa benetan bete nahiak eraman nau gaur, taktaktak, amonarengana. Eta hau poza pasillotik hurbiltzen ikusi dudanean, betiko dotoreziaz tipi tapa, mantso bezain tente aurrera, 47 urte eta erdi hanka bakoitzean. Ño, erraz esaten da gero. Horixe, hamazazpi erditzek eta ibilbide luze batek nahikoa eta gehiago eman diote emakumeari. Orain ehundik gora senide izaki, jakina, ni iloba bat gehiago, eta halere nitaz gehiago daki ia neronek baino. Argi eta azkarra baita, bikaina.

Nire «zer moduz, amona» sentituari bere ohiko ironiarekin erantzun dio: «Egon, ondo nago», eta bere esku samur-zimurrarekin belaunetik hasita leporaino gorputza xuabe-xuabe ukitzen zuen bitartean, ez duela oinazerik aitortu dit. Ja, oinazerik ez, baina nekea galanta eta kezka bakarra buruan: hemendik joan nahi eta ezina. «Ez dakit nola joan, zuk ba al dakizu nola…?». Taktaktak. Ai amona, zuk ez badakizu…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.