Ezarian. Maizpidek 25 urte. Iritzia

Herri oso bat bidelagun

Jon Urdangarin
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Herriaren gogo eta borondatetik sortu zen Maizpide orain 25 urte. 1960ko hamarkadan jarri zen abian euskalduntze-alfabetatzea Lazkaon. 1975ean antolatu ziren Udako I. Euskara Ikastaroak, urtez urte hazten joan eta ehunka lagun erakarri zituztenak. Herri oso baten ahalegina behar izaten zen 300-400 laguni eskolak eman, jaten eman eta lotarako lekua aurkitzeko, baina laguntza hori urtero-urtero jaso zuen garai hartako Goierriko Euskal Eskolak, eta 1982anneguko lehen barnetegia antolatu zuen.

Herri ekimenetik sortutako proiektua abian zen, indartsu. Ordura arte, Lazkaon zehar, han-hemen barreiatua zegoen euskaltegirako, eraikin egoki eta ondo prestatua laster iritsiko zen, 1988ko apirilean, duela 25 urte.Jaioa zen Maizpide. Jaioa zen lehenengo barnetegi iraunkorra.

Hori guztia ezinezkoa izango zen Dionisio Amundarainen ahalegin eskergarik gabe, eta merezi du, ondo merezi ere, gure aitortza eta esker ona adieraztea.

Azpiegitura lortuta, berau behar bezala kudeatzen gogor saiatu gara. Konturatzeko urte gehiago egin ditugu XXI. mendean XX.enean baino. Bi mendeon arteko zubi izan gara. Euskaraz dakitenen eta ez dakitenen arteko zubi, tradizioaren eta modernitatearen arteko zubi, Lazkao eta Euskal Herriaren arteko zubi, Euskal Herriaren eta munduaren arteko zubi.

Zubi hori pasatzen bidelagun izan gaituzue milaka ikaslek; 20.000 lagunek. Urteurren honetan eskerrak eman nahi dizkizuegu denei, izugarrizko ahalegina egin duzuelako, ahalegin ekonomiko eta pertsonala; eta eskerrak eman nahi dizkizuegu, batez ere, euskaldun bihurtzeko hautua egin eta aurrera eramaten jakin duzuelako.

Asmatu dugun edo ez ere zuek esan beharko duzue, baina duela 50, 35 eta 25 urte bezala, orain ere ari gara material, ikastaro eta egitasmo berriak abian jartzen: ikastaro trinkoen programazioa, 4. mailako ikastaroak, Euskarara Heldu helduentzako ikastaroa,Maizpide online, Diasporako eskolak, asteburuetan BERRIA ikasleen artean banatzea, mintzalaguna eta familia euskaldunetako egonaldiak, besteak beste. Izan ere, Maizpide, orain 25 urte bezala, ikasgelako lau hormak baino askoz gehiago da. Herri oso bat du atzetik, eta horrexegatik eman nahi dizkizuegu eskerrakherritar, agintari eta ikasleei, urte hauetan guztietan bidelagun izan zaituztegulako, eta, batez ere, badakigulako beste urte askoan ere ondoan izango zaituztegula laguntzeko prest. Mila esker, bihotzez, beraz, denoi, gurekin batera, Maizpide egiten duzuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.