santi leone
Maratila

Himnoa

2012ko abenduaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aspaldi honetan, haize berriak dabiltza Nafarroan. Roberto Jimenezen alderdiak ezkerrerako bidaia hasi omen du. Eskuinean zen seinale, erran dezagun bidenabar. Edonola ere, agindu biblikoari jarraiki, PSNren eskuineko eskuak —Parlamentuan proposamenak bozkatzen dituenak— oraindik ez bide du ezkerrekoak —alderdiaren norabidean ustezko iraultza ekartzekoa denak— egiten duenaren berri, eta, ondorioz, maiz UPNrekin bat egiten du erabakiak hartzeko tenorean. Berriki, adibidez, Nafarroako ekitaldi ofizial guzietan Espainiako himnoa jotzekoa ahalbidetu du PSNk: bozkatu beharrean, eskuineko eskua hazgaleka ari omen zen kosmopolitismo unibertsalaren ipurdian.

Halere, himnoarena, niri, zer nahi duzue, gutixko iduritzen zait. Ongi da guziok espainiartasun tolerante ez-identitario ez-zapaltzaile hori goza dezagun, baina, nire uste apalean, gure politikari espainolek aukera zabalagoa izan beharko lukete. Zergatik ez jo Espainiako himnoa UPPSNko bat Parlamentuko komunera joaten den bakoitzean—tempo lento, idorreriarako; molto allegre, beheitikorako—? Zer dela-eta ez arautu beren logeletan baitezpada jarri behar dutela, larru-jotzearen erritmoa markatzeko, eta ernalketa balitz, ereserki nazionala izan dadin enbrioi sortu berriak aditzen duen lehen gauza?

PSNk hori du txarra, dena erdipurdi egiten duela. Gainera, Barcinak ohartarazi duenez, sozialistak abertzaleengana hurbiltzen ari dira. Nolanahi den ere, ezin ukatu Jimenezen neska-mutilei esker dagoeneko haize berria dabilela Nafarroan. Haize-musika berria, hain zuzen ere. Baina soilik ekitaldi ofizialetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.