Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Identitateak lapurtzen

2016ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ahotsa faltsututa. Kazetaritzak lurperatu samarra ei zeukan kode etikoa berpiztu dugu, Flaixbac irrati kataluniarrak Carles Puigdemonten ahotsa imitatuz Rajoyri hots egin eta gero. Ez da gaur-gaurko joera grazia daukaten grazia gutxiko dei horien praktika Espainiako irratietan. Pertsona xeheen bizkar egin ohi da barre normalki, eta aditzearen aditzez onartutzat daukagu jada. Politikariaren bizkarra erabili nahi izan da oraingoan, ordea. Irribarrea eragiten digutela ezin uka, baina baita enpatia eta sinpatia ere biktimarekiko, nahiz Rajoy bezalako pertsonaia ez oso maitagarria izan hori. Babesgabe geratzen baita, eta are gehiago, ziriaz ohartarazten zaionean fair play-a erakustera derrigortuta dagoelako. Giza harreman xuxenen diktadurapean, men egin behar izaten diote hedabide txantxagileari, naturalena litzatekeen purrustada batekin lehertu beharrean.

El mati i la mare que el va parir.Bikaina omen da Oriol Dalmau Flaixbac irratiko esataria, Kataluniako zein munduko makina bat pertsonaia publikoren parodiak egiteko orduan. Musikaz ez ezik, haren umoreaz baliatzen da goiz magazina egiteko irrati hori. Hara hor katalana ikas genezan hamabigarren arrazoia, irratsaio hori entzun ahal izateko. Ezin izan dio eutsi merkekeriaren tentazioari, hala ere. Ez da ohartu imitatzaileen formatua oraindik esploratzeko eta esplotatzeko daukala irratiak. Kataluniak, Espainiak zein Euskal Herriak berak fauna amaigabea eskaintzen digute politikan, kulturan eta kirolean, ganberrismo sanoa eta kritika desmitifikatzailea egiteko irudimenez. Bide urratzaile gisa, bakan batzuk zaizkigu gogoangarri: Jose Antonio Abellan (Tirachinas, COPE) eta Alkain eta Pagadik (Oilategia, Euskadi Irratia) iraganean; El pelotazo eta Todo por la radio saioko esatari taldeak egun, Ser katean.

Alfonso Sanchez. Halaxe du izena azken eskandaluak Espaniako irratigintzan. Madrilgo erkidegoko Onda Madrid irrati publikoko zuzendaritza kargutik kendu dute, axolagabekeriagatik («Niri bost zein irrati eredu behar dugun finkatu»). Ia sei milioi eta erdi biztanle dituen erkidegoan apenas 4.000ko audientzia edukitzea da bere lorpena, ia ehun mila euro kobratuz urtero. Irratiaz tutik ez zekiten zenbat alproja ez ote diren kolokatu hamarkadatan irrati publiko zein pribatuetan, alderdi bitasunaren sistemaren arrimura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.