Ane Muñoz.
Maratila

Ikaslearen haserrea

2014ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Autobusez mugitzea ez da beti erosoa. Presaka zabiltzanean bereziki, zenbat kostatzen zaion etortzea. Eta han, geltokian zaudela, itxaroten, konturatu orduko albokoarekin hasten zara, «gaurko euri nazkantea», «non dabil autobusa?», solasean.

Gaurko itxaronaldia unibertsitario batekin partekatu dut. Motxila astuna sorbaldan, urduri zegoen, hara eta hona errepideari so, «buah, tio, ze berandu, tio». Eta autobusa, auskalo non.

Ikasketez hasi gara hizketan. Zera, eskolarekin desengainatua dagoela. Hain ondo saldu ziotenean, inondik ere; pribatua—eta aski garestia— izanda ere, desastre hutsa omen. Dirua atera eta atera besterik ez diete egiten ikasleei. Azken finean, aberastea helburu duen enpresa baten negozioa da, eta irakaskuntza, hartarako baliabide edo aitzakia.

Irakasle adituenak agindu bazizkioten ere, bai eta arreta pertsonalizatu onena ere, bai zera. Batzuetan azaldu ere ez dira egiten, azterketak zuzendu gabe hilabeteak, eta ikasleen lanei, purrut, kasurik ez.

«A ze piura», esan omen zion irakasle batek korridorean elkar gurutzatu ziren batean. «Piura?». Irakasleak ez daude gure jantziak epaitzeko, eta are gutxiago mespretxuz goitik behera begiratzeko. Normal jantzita zegoen, gainera. Ai ama, ze haserre dagoen ikaslea.

Bere desengainua aitortu badu ere, eta irakasleen jarrera salatu, alferrik dela dio. Orain ez dute begi onez ikusten, bere lanak ez dituzte berdin epaitzen, eta ez diote jaramonik egiten. Eta nola gomendatu ikasketak beste nonbait jarraitzea, orain arte ordaindutakoa ordaindu ondoren?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.