Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Ikusmina

2015eko irailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jon Maia tertuliakide. Bertsolaria fitxatu du Boulevard-ek tertulietarako. Euskalgintzako ordezkariren batek ahotsa eduki dezan nahi dela dirudi, Mikel Irizarrekin aurreko denboraldian egin nahi izan zen moduan. Fitxatzaileei gogorarazi beharko zaie beste behin, baldin eta ez badakite, euskalgintza ez dela monolitikoa politikoki, eta, printzipioz, bere partaideek euskararen inguruko gaietan eduki dezaketela antzeko iritzia, ez bestetan. Maiarekin, ikusteko dago gai-jartzaileak euskara tertuliaren agendan sartuko ote duen ala ez, artean ez baitu horrela jokatu, ezta Irizar egon denean ere. Tertulia horrek ohitu gaitu Espainiako edozein gai friboloenak ere —Nikolas txikiaren ibilerak, esaterako— toki gehiago edukitzera euskarak baino. Merezi du entzutea nola moldatzen den dialektikoki Maia, Eduardo Portero edo Rafael Suso nazionalismo espainiarraren postulatuen defendatzaile bikainekin, gaztelaniaz.

Horretarako? «Ez nuke jakingo esaten Katalunian zeintzuk izan diren koherenteak eta zeintzuk ez azken urteetan; katalanek datorren igandean esango digute hori bozkalekuetan». Tertuliano bat sumatu genuen horrela mintzatzen herenegun EITBko erdal irratian. Analisi burutsu hori egiteko, ez dago ez dakit zein egunkaritako zuzendaria edo badakit zein unibertsitatetako politologoa izan beharrik!

Herejeen mailutik, gutxi. Espainiako irratigintzan erreferentzialena den goizeko zortzietako albistegian lehen 10-12 minutuak hiruzpalau albisteri loturiko bere iritziak (kritika politikoak, irainak eta purrustadak…) airatzeko ohitura du Carlos Herrerak, eta Podemoseko buruzagiak izan ditu bere obsesioen jomugan maiz, Kataluniako independentistak adina kasik. Horrexegatik, ikusmina piztua zeukan Pablo Iglesiasi asteartean egin behar zion elkarrizketak. Mototsdun mukizua larrutuko zuela espero zuten haren egoa hauspotzen artistak diren fan fosforoek. Bainaez ba! Oso otzan jardun zuen Sevillako señoritoak, eta galderatik ezertxo ez duten iritziz beteriko komentarioak egin zituenetan ere, kontraeraso letalarekin erantzun zion gonbidatuak. Geroxeago, zenbait jarraitzailek galdetu zioten ea galtzak jaitsi ote zituen, izuak jota. Kazetaritzaren eta gizartearen gainetik jarri eta eskuinaren kontzientziaren ahotsa balitz bezala bakarrizketetan funtzionatzen duenari gertatzen zaizkio horrelakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.