Jose Ramon Blazquez. Komunikazio aditu gisa egiten ditu azterketak. Noticias taldean idazten du, eta ETB2ko arratsaldetako tertulietan ere parte hartu izan du. Ordu erdiko saioa dauka telebistaz, prentsaz eta irratiaz jarduteko Onda Vasca-n, Begoña Beristainek zuzentzen duen La tarde en Euskadi saioan astelehenetan (17:30-18:00). Azken saioan, orain 30 urte komunikabideek hartu zuten jarrera izan zuen aztergai, eta ukatu hiru GAL (berdea, urdina eta marroia) izan zirenaren tesia. Laugarren bat defendatu zuen: horia hain zuzen, El País eta SER kateak osatu omen zutena gehienbat. Sozialistak tartean zirenez, bizkar eman ei zioten gizarteari informazio kritikoa eskaintzeari.
Galtza bete lan. Sekula baino bakartiago dabiltza El País eta SER egunotan, Espainiako komunikabideak bereganatuta dauzkan eskuinaren aurrean. Pepa Bueno, Carles Francino eta Angels Barcelo SEReko izarrak izerdi patsetan dabiltza, ezin eutsirik ETAren biktimen elkarterik mediatikoenek eragin duten erauntsi erreakzionarioari. Mezu bakarra eduki dute ahotan egunotan: ETAko kideak nazkagarriak eta odoltsuak dira eta biktimen ondoan gaude, baina kontuan harturik zuzenbide estatu batean gaudela, penaz, bete egin behar dugu Estrasburgoko agindua. Irabazia daukate asteburuko atsedena, hamaika argudio erabili baitituzte ahalegin dialektiko itzela eginez, jakinda Espainiako gizartearen zati handi batean errotzen ari dela Zapatero, Rubalcaba eta sozialismoa —eta zeharka, horien orbitako PRISA taldea— direla errudun nagusiak. Latza datorkie bihartik aurreragokoa ere, gaurko manifestazioaren oihartzunen harira.
Elikatutako munstroa. Kontzienteki, hautu jakin bat egin dute urtetan SER kateko esatariek eta beren iritzi emaileek —Antonio Losada eta besteren bat kenduta—. Terrorismoa borrokatzeko eraginkortasunaren alde jo dute, bigarren mailan utzita giza eskubideak ez ezik baita zibilak eta politikoak ere. Nahiago izan dute giza emoziorik primarioenek zekarten uraren korronte populistari segi, onetsiz sozialismo politikoak eskuinarekin adosten zituen lege murriztaile guztiei. Mentalitatez bizi guztirako zigorraren aldekoa den gizartea lainezten eta elikatzen lagundu dute, eta orain, kontra etorri zaie munstroa: bumeran efektuaren biktima dira.

Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Iraganaren gatibu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu