Udan irratiaz blai.Irratia udan freskagarriagoa dela esaten denean, friboloagoa dela esan nahi da; mamia eta sakontasuna galtzen dituela, alegia. Aldiz, esan daiteke udak gozamenez blai eta hausnarketarako bidean jartzen gaituela, zenbait astetarako irrati estudioetan tokia hartzen duten zenbait irratsaio eta esatari berriren eskutik. Eguneroko esatari, politikari eta futbol jokalari mimetikoen ahotsik gabe, apenas, hori da hori behinbehineko liberazioa sentitzen dena.
Zoroak zoro. Euskadi Irratian, bi irratsaio ezin erakargarriagoak heldu zaizkigu aurten, uda amaitu arte gozatu beharrekoak nahitaez. Euskal kantagintzari maina handiz eta protagonistekin egindako begiratua dakar Kaja beltza saioak (astelehen eta astearteetan, 20:05etik 21:00etara). Irratigintzarako birgaitu duten Mikel Markez dugu bertan; irratiaren alde batean zein bestean jarrita zoratzen —histrionismorik gabeko zoramena, alegia— den mutila da, eta hori badaki transmititzen. Lizardiren baratza (ostegunetan, 20:05-20:30) da entzulearen bost zentzumenek har dezaketen bigarren goxatua; Jose Luis Padronen eskutik, poesiari eskainitako saio ausarta eta pertsonala, Maddalen Ansorena esataria bidaide duela.
'La Galería'. REko irratsaio horrek nahiko ordutegi xelebrea dauka berez (larunbat eta igandeetan, 15:05-17:30 eta 21:05-00:00); are gehiago futbolak irentsi, desagerrarazi egiten duenean. Hargatik, uda partean datorkigu inoiz baino askeago. Idoia Lazaro esatariak gidatuta, hainbat alor (gizartea, natura, nazioartea…) jorratzen ditu, modu patxadatsu bezain kritikoan, REn irratsaio askok sufritzen duten kortse ideologikotik urrun. Kukutza gaztetxeari ordubeteko monografikoa eskaini izana, esaterako, ez zitzaigun harrigarria egin.
Gaztetxelogoa. Aldiz, bai eragin zigula ezustekoa —pozgarria—, Boulevard Bilboko Kukutza eta Errekalde auzora jaitsi izanak, Ander Iribarrekin. Grazia eduki zuen, kaleko mugimendu alternatiboei bizkar eman ohi dien saioan Kukutzaren kausa besarkatzen ikusteak... Dani Alvarezek une batean adierazitakoari erreparatu behar: «Kukutza isla da, desagertzeko joera daukan gaztetxeen mugimenduarena». Gaztetxeen fenomenoa irratian maiz jorratu ostean, gaztetxelogo har daitekeen kazetari bizkorrak esana, nonbait…
Uhinetatik tiraka
Irrati udatiarra, mamitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu