Ane Muñoz.
Maratila

Itzultzaile kaotikoa

2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dut ulertzen zergatik eta zertarako existitzen diren Internet bidezko sasi-itzultzaile automatiko horiek, erabiltzaileari lagundu ordez gehienetan nahasi besterik ez baitiote egiten. Ez dira fidagarriak, eta are gutxiago giza-itzultzaileenak bezain praktikoak. Gainera, elebidun edota eleaniztunak gutxiesten dituzte. Sikiera zuzen ariko balira…

Ingelesarekin batere moldatzen ez den lagun espainiar batek zera esan zidan aurrekoan: ez zuela beharrezkoa ikusten gaur egun hizkuntzak ikasten aritzea, hain juxtu ordenagailuan ez ezik sakelakoan ere nahi duguna edozein hizkuntzatara automatikoki itzuliko digun doako aplikazioa eskura daukagulako. Ba hobe du kontuz ibiltzea; izan ere, gaur bertan euskarara itzulita bidali didan idatziak ez baitu inongo zentzurik; ez da ulertzen. Horixe, hitz gehienak oker eta esaldien ordena hankaz gora bidali dizkit, inuzenteak. «Izan jakin ni euskarari», halako zerbait irakurri dut, buah. Itzultzaile automatikoen hizkuntza zerrenda luzean euskararen ordez swahilia sakatuko zuen, akaso.

Zentzugabekeria hori ikusita, nire kabuz frogatu nahi izan dut. Bai, itzultzaile birtual horri erronka eginez, esaldi bat bidali diot, eta ez nionez buruhauste handirik eman nahi, zera, esaldirik erraz eta arruntena aukeratu dut. Berau euskaraz eta gaztelaniaz idatzi eta biak jarraian ingelesera itzultzeko eskatu diot. Bat, bi, hiru… egina! Ene, itzultzaile azkarra da gero. Azkarra? Denboraz agian bai, baina ez burutik. Izan ere, bi testuak erabat ezberdin itzultzeaz gain, ez batak ez besteak ez dute zerikusirik nik idatzitakoarekin. Zertarako asmatu dituzte orduan? Erabiltzaile inuzenteok nahasteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.