Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Izen-deiturak

2013ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zenbaitek deituran daramate lanbidea, are izen-deituretan ere: konparaziorako, nekez irudika genezake Eguzkine Iturriotz baino grazia egokiagorik eguraldi emakumea izateko; baina, bistan da, ez da kasu bakarra. Nafarroa Garaira ez da itsasaldeko Nafarroako telebista ailegatzen: ospitaleetako sukaldeekin egin duen bezala, lehorreko Nafarroako Gobernuak kate pribatu bat finantzatzea du nahiago, mendebaldeko propaganda lanjerosa ekar lezakeen kate publikoa ordaindu baino —emaitzak, horretan ere, badaezpadakoak badira ere—.

Eta Navarra Tv-n Roberto Camara dugu, kamarako kazetaria, inoiz Yolanda Barcina elkarrizketatuz «lerdea dariola» esamoldeari sakontasun berria eman dion gizasemea. Joan den astean abortuaz aritu ziren kazetari kamarlengoaren zuzendaritzapean; estudioan, lau alderdiren ordezkariak: Bakartxo Ruiz —Bildu—, bilorik gabeko mutil bat —UPN—, Rubalcabaren abatar bat eta Eloy —PPN—. Eta barka zehaztasun falta izenetan: eztabaidan, hiru pitilindunek izen-abizenak bazituzten ere, Bildukoa maiz Bakartxo besterik ez zen izan, eta desoreka hori konpentsatu nahi izan dut. Bi gizonkote, nini bat —euskarazko eta espainolezko adieretan— eta emakume bat bere bakartxodadean.

Eta kontua ezaguna da, baina akaso merezi du laburbiltzea: hemendik aurrera, posible izanen da abortatzea itsasorik ez duen Nafarroan, sistema kontzertatuan betiere, baina Erresuma Çaharreko kontuen ganberak adierazi du merkeago litzatekeela sistema publikoan eginen balitz. Horren aitzinean, Eloyk eta ezpain gainean ilerik ez duen morroiak diskurtso Erdi Arozalea egin zuten; Rubalcabaren abatarrak egurra eman zion UPNri —inoiz babestu izan ez balu bezala—, eta Bakartxo Ruiz oasia izan zen basamortu hartan —argi gera bedi: balorazio hori herritar antiojodun, kamiseta gorridun, bizardun gisa egiten dut—. Debateak goia jo zuen aurkezleak Eloyri galdegin ziolarik ea bazekien nola sentitzen den abortatu behar duen emakume bat: PPNkoak, pentsamenduak edo digestio astunak eragindako etenaldi txiki baten ondoan, baietz erantzun zion lasai aski. Alta, ezin esan eztabaidak errealitatea islatu ez zuenik: argudio egokiak eman arren —eta haurdun gelditzeko aukera lukeen bakarra izan arren—, gaia ez baitu abizenik ez zuen bakarrak erabakiko, gizonek baizik. Bi izen-deiturarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.