San Ximon eta San Juda, joan zen uda, ta Zinemaldia heldu da. Sartu gara, bai, udaldiko azken jaialdian, urtero bezala filmen zaleak eta hain zaleak ez diren kurioso pila Donostiara erakarriko dituen nazioarteko zinemaren festa handian. Eta gaurtik aurrera, ieup, denok zinemara.
Goiz-goizetik sortuko diren ilara amaigabeek egundoko giroa sortuko dute aretoetako atarietan; glamourra maite dutenek Maria Cristinaren sarrera eta alfonbraren inguruak girotuko dituzte izarren joan-etorrien kontura; hiriko hotel, jatetxe eta tabernak gainezka ibiliko dira, inoiz baino garestiago gainera.
Zinema bera baino gehiago jaialdiak atsegin dituztenek, erdi lokarturiko aretoak leporaino beteko dituzte, eserleku, pasillo eta zoruak ederki asko berotuz. Pantaila aurrearen goxotasuna, behar den bezala. Horixe, ipurdi bat eserlekutik altxatu orduko, besteak beteko du. Oi, ze bigun eta ze bero. Pasillo estuetan, batzuen takoiak besteen plaiera, bota edo sandaliekin gurutzatuko dira, eta behar izanez gero elkar zapalduko dute, leku onena lortzeko. Goitik ere ondo ikusten dela, aizue!
Ordu batzuez argiak piztuko dira, itzali eta berriro piztu, eta tartean, zenbat istorio, zenbat amets. Azken finean hartara baikatoz, pantaila handiaren magiaz gozatzera eta datozen artistak aurrez-aurre ditugularik haien lanak miretsi, txalotu eta ongi pasatzera.
Zinemaren festa, ordea, ez da betierekoa, eta amaitutakoan, to, agur jaialdia eta akabo filmak ikusteko bat-bateko zaletasun eta grinak. Orduan bai, gaur zinematizatuta iratzarri den hiri berean, atariak hutsik, aretoak zurtz, ilun eta mutu, eta eserlekuak hotz eta gogor, oi ene, jaialdizaleak itzuli artean.

Maratila
Jaialdizaleen itzulera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu