Medikuari agindu bezala —eta zuri, irakurle maite—, uzten ari naiz pixkanaka-pixkanaka Ni más ni menos, Euskadi directo, 60 minutos gisako telebista saioak. Eta, kontxo, nire gogo-gorputzek nabaritzen dute onura; indartsuago, freskoago, gazteago sentitzen naiz, goizero ohetik altxatzeko motiboak berreskuratu ditut. Baina alkoholak harrapatutakoak bezala, beti aurkitzen dut aitzakiaren bat hurrupada emateko. Eta oraingoan izan da, ezer ez, keinu bat, aldaketatxo bat, ETB2ko 60 minutos saioa berriz ikusteko tranpan erortzeko. Aurretik kontrakoa esan arren,60 minutos ere utzi egin du Iñaki Lopez lagunak LaSexta noche saio berria aurkezteko. Eta, bere blogean iragarri bezala, Juan Carlos Etxeberria estimatua ikusi ahal izan genuen lehenengoz astelehen gauean 60 minutos berrituaren gidaritzan. Ez da txantxetako kontua, azken 20 urteotan ETBko eguneroko albistegiei lotua egon baita aldez edo moldez Etxeberria, aurkezle, erredaktore, kazetari soil azkenaldian—berak hartutako erabaki laudagarri baten ondorioz—. Orain, aldiz, haize politikoek aldekoagoak diruditenean, adibidez berak proposatu bezala albistegiak ezker abertzaleen boz-emaileentzat ere egiteko, bada, 60 minutos-en gidaritza eman diote. Eta nire ustean, txiki geratzen zaio, bestelako lan, postu, gintza itxuraz apetagarriago bat eskaini ahal zioten. Baina, bere blogean berriz iragarri bezala, gogotsu hartu du, ilusioarekin, aktualitatearen lehen lerroarekin blaitzeko aukera gisa.
Eta saioak nabaritu du aurpegi aldaketa, ez baita soilik aurpegi aldaketa. Hasteko, ez dugu Iñaki Lopezen bromarik jasan behar izan —eta hori dagoeneko asko da—. Kazetaritzaserioago bat ikusi dugu, kazetaritza kazetaritzago bat. Baina 60 minutos-ek jarraitzen du, momentuz, izaten60 minutos. Benetan euskaldunok behar dugun erreportajea da Iñaki Urdangarinen abenturei buruzkoa, Espainiako monarkiaren ibileren gainekoa? Benetan ikusi behar ditugu gurean Eduardo Inda, Enric Sopena, Jaime Peñafiel —barkatu, muki batekin zintzilik tarteka—? Ez da kontu berria, egia. 1997ko irudi batzuk ikusi ahal izan genituen erreportajean, Txetxu Ugalde eta Yolanda Alzolaren saio batekoak. Eta azken horrek esaten zuen Urdangarin «etxerako modukoe» zela. Bada asteleheneko horiek guztiak ez ote diren, bestalde, kanporako modukoak.

Komunikazioa. Ekografiak
Kanporako modukoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu