Oraindik merezi baino atzeraxeago bagabiltza ere, gero eta biztanle gehiago euskalduntzen ari garela uste nahi izan dut azken aldian. Gaur berriz, xehetasun batek aurkako sentsazioa eragin dit, zoritxarrez. Horko auzo horretako elkarteak bizilagunei luzatu dien deialdia ez baita nolanahikoa. Nonbait auzoko umeekin talde bat osatu nahi dute, datozen Eguberrietan kantu-kantari ibiltzeko. Ez da asmo txarra, auzoko giroa bizirik nahi dutenaren seinale. Hartarako aukeratu dituzten abestiak, ordea, horreur! Peralesen Que canten los niños zaharra, nik dakidala gabon kanta ere ez dena, eta sekula ikasi ez dudan En el portal de Belén. Ño! Eskerrak gauza pixkat orekatzeko Olentzero joan zaigu gurea gehitu dioten errepertorio murritz horri.
Zer da hau? Non gaude? Batak Niñojesus y Sanjose estalpean gora eta behera, eta besteak zera, umeek kanta dezaten gaztelaniaz: «Nik bizitzen utz nazaten kantatzen dut; nik amatxok irri egin dezan; nik zerua urdina izan dadin; nik ez dezaten itsasoa zikindu; nik ogirik ez dutenentzat; nik lorea errespetatu dezaten…». Horixe, errespetua!
Euskaraz ez dakiten kanpotarrak ulertzen saiatzen naiz eta euren kultura ez galtzeko saiakerak errespetatzen ditut, baina tira, neurri batean. Berton bizi direnez geroztik bertakoak egin badira eta etorkizuna bertakotzat nahi badute, egokitzeko esfortzu txiki bat egin beharko lukete, ezta? Umeekin hasita. Ba orain, horko auzo horretako umeak, berton bizi eta heziko diren belaunaldi berriak, gaztelaniaz ariko dira entseguetan, etxean, eskolan, eta Eguberrietako kantu-kantari saio luzean. Hori ba, que canten los niños… pero en euskera, pardiez!

Maratila
Kanta dezaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu