Gizonontzat. Almudena Cachok arrazoi zuen atzo. Indarkeria matxista jorratuko dela esan bezain pronto, entzule ugariri irtengo zaie «badatoz berriro matraka aspergarri berberarekin!». Are gehiago zehaztuz gero hedabideen zein gizonen eginbeharrak aztertzea dela asmoa, eta lan horretarako emakumeei emango zaiela ahotsa. Atzo, halaxe egin zuen Euskadi Irratian Nagore Telleriak Amarauna saioan ohiko Arantxa Urretabizkaia eta Onintza Enbeita solaskideekin eta komunikabideen kritiko zorrotza den Maria Gonzalezekin. Berdin jokatu zuten Radio Euskadin, Más que palabras-en, 11:15ean, Arantxa Urretabizkaia eta Maria Unanuerekin. Bi saioak guztiz entzungarriak zaizkigu gizonoi.
Topaketa pozgarria. Mariano Ferrer eta Ane Irazabal bildu zituen Dani Alvarezek Boulevard-ean aurreko astean, Euskal Kazetarien Elkarteak saritzekoak zituela eta. Merezi izan zuen saiakerak, Ferreren ahotsa aditzeagatik eta zertan den jakitegatik. Eta identifikatu ginen Irazabalekin, haurtzaroan, Mariano bere etxeko soinu banda izan zelako eta bere kontzientzia politikoa eraikitzen lagundu ziolako.
Mezu partzialak. Sarien ekitaldia gertatu aurreko egunetan EITBren kontsumitzaileak mezu nagusi bat jaso du: «Guretzat lan egiten duen Ane Irazabali emango diote saria». Egia da Alvarezek gidatu zuen Boulevard-eko solasaldiak pittin bat zabaldu zuela sarituen protagonismoa, baina hori bai, argi utzita Ferreri ohorezko saria zegokiola, zirkulaziotik erretiratutako bati, alegia.
Kontraesanezkoa. Irazabal aurkezteko asmoz, hark nazioartetik bidalitako kroniken bilduma prestatu zuten Boulebard-en. Den-dena gaztelaniaz. Gero astelehenean, saria jasotzeko egunean, Irazabalek zera azpimarratu zuen: «Euskal kazetariak gai gara hedabide anglosaxoi guztiak dauden tokietara joateko, eta berriak euskaraz kontatzeko».
Gala. EITBren autopromozioko irazabalitisari aurre egiteko antidoto hoberena izan zitekeen sarien gala ikustea astelehenean, bere une gazi-gozoekin: euskara bigarren mailakoa aurkezleenahotan eta irrati serial ustez umoretsuan; Ferrer, euskaraz hizketan; kazetaritzari buruzko gogoeta interesgarriak; saritu bakarra—Gervasio Sanchez—«ez dut merezi saria» esaldi gorrotagarria aipatuz...

UHINETATIK TIRAKA
Kazetaria(k), saria(k)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu