Kilometro eta erdi besterik ez dago Herri Irratiaren egoitzatik Arriaga antzokiko balkoiraino. Kilometro eta erdi, eta 41 urte. Denbora hori atzera egin, eta Zorion Egileor ikus daiteke irratiko mikrofonotik Bilborentzako jai herrikoiak aldarrikatzeko kalejira baterako dei egiten. Borborka zegoen Bilbo hartan 5.000 pertsona bildu ziren Herri Irratiaren egoitza parean, Egileorrek berak egindako deialdiari erantzuteko. Kalejira hari esker antolatu zen urtebete geroago lehen Aste Nagusia, eta horregatik dauka garrantzi berezia ekitaldiak. «Internetik gabe jaio ginenok ere bagenituen moduak jendea biltzeko eta elkartzeko». Larunbatean horrela gogoratu zuen egun hura Arriagako balkoitik. Kasu honetan ere, jendetza baten aurrean, pregoilari roletik, eta duela 40 urte sortutako jai eredua aldarrikatuz. Kilometro eta erdira dauden estudioetatik bere garaian egin zuen bezala, jendearen ahotsa izatea egokitu zitzaion berriz ere.
Irudimena baliatu omen zuten Aste Nagusirik ez zuen Bilbok berea eduki zezan. «Irudimenak lagunduko digu eraso matxistei aurre egiten, justizia soziala eskuratzen eta pentsiodunentzako irtenbideak lortzen». Bada, lau egun eskas beteko dituen Aste Nagusi honek hainbat argazki utzi ditu dagoeneko: errefuxiatuak udaletxe parean gosaltzen protesta gisa, Areatzan larunbat iluntzean izandako bi eraso matxistak salatzeko mobilizatzen, eta atzo Bilboko kaleak lepo beteta pentsio duinak aldarrikatzen. Horrek agerian utz dezake duela 40 urte sortu zen Aste Nagusiak, orduan bezala, oraindik ere herriaren ahotsa dela.
MARIJAIAREN ZIMURRAK
Kilometro eta erdi, eta 41 urte atzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak