Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Kirola, apustua

2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Esatarien orgia. Egundokoa da Julen Beristain eta Roberto Ramajoren inplikazio emozionala, Ser deportivos Gipuzkoa saioan (15:10-16:00). Realak Athletici gola sartzen dionean ez dute erakusten horrenbesteko bozkarioa. Alegia, kirol informazioa eta Realaren zein Eibarren apustu etxe ofizialaren aldeko propaganda nahasteko orduan. Jasanezina da bien arteko txoro hizketa, ustez informala: ez dakit zenbat euro jokatuko dituztela Realaren alde, izugarri irabaziko dutela eta larunbat gauean pozez txoratzen sartuko direla ohean... Kirolaz eta apustuz nahastutako informazio hibrido horren ostean iragarki konbentzionala airatzen digute apustu etxe bera goratuz. Enfin, mundu idilikoa marrazten digutela, bizi-zoriona kirola eta apustua ezkonduz lortzen dela esanez bezala. Uler daiteke Ser katearentzat pagotxa ekonomikoa izatea apustu etxeena. Ezinbestekoa ote da bi kirol kazetari fin horien sinesgarritasuna eta duintasuna era kutre horretan lohitzea?

Periferikoen dilema. Madrilen eta metropoliaren mentalitatetik aritzen diren kirol kazetari izarrek markatzen dute estiloa apustu etxeen aldeko pantomima antzezterakoan, ludopatiaren apologiaren mesedetan. Eta Ramajo eta Beristain bezalako periferiako esatariak ahalik eta interpretatzaile zuzenenak izaten saiatzen dira. Harrigarriena da zenbateko pasioa jartzen duten lan zikin horretan. Grinaren laurdena erabiliko balute matxinatzeko begiak soilik Madril eta Bartzelonako hiru klubentzat dauzkaten lankide zentralisten aurka, bestelako Ser kate bat ezagutuko genuke kiroletan.

Errituala. Eskuzko final guztietan bezala, gaur ere Radio Euskadik euskara baztertzearen erritualari eutsiko diola egingo nuke apustu. Hots, partida amaitu bezain laster, bi pilotariek EITBko esatariei eskainiko dizkiete lehen adierazpenak, esklusiban. ETB1eko Elena Azpeitiak eta Euskadi Irratiko Iñaki Elortzak ahoko zuloan jarriko dizkiete mikroak, bizpahiru minutuetan mintza daitezen zuzenean, ama hizkuntzan. REko kirol sailekoek, kontrako erabaki iraultzailerik ez badute hartu behintzat, uko egingo diote aukera horri, edozein kirol kazetarientzat pribilegiozkoa izan beharko lukeen horri. Hamarkadetan luzatzen ari den hizkuntza politika baztertzaileari jarraituz, egia ote da gaur ere pilotariei bizkar emango ote diela REk, euskaraz aritzeagatik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.