Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Kolektibitateaz

2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nago nola gure lehengoek har lezaketen hitz hori: kolektibitatea! Egia da euskara modernizatzen ari dela eta politika itxura duten hitz berri asko sortu direla. Bagenuen foru aldundia nekez Bidasoaz honaindikoek ulertzen zutena, eta gisala foru komunitate nafartarrarekin nekez ezberdintzen genuen. Gero, jin zitzaigun euskal autonomia elkartea, hori ere mingaina behaztopatu gabe nekez ahozkatzen genuena. Gogoan dugu ere Euzkadi eta Euskadi hitzen arteko lehia, lehendabizikoa gehixegi bizkaitar edo sabindar edo aranista edo jeltzalea zela omen. Irri egiten genuen batzuetan, hemengoek «Euzkadi azkatuta» «Eskuadi azkartuta» hartzen zutelarik. Jeltzale hitzak berak arazoak sortu zituen hemengoei ulertarazteko, gainera, 68a geroz hemen Jaungoikoa eta are gutiago Lege Zarra estimatzen zutenentzat. Hala ere kontsentsu zerbait Euskal Herria-ren inguruan sortu zen. Funtsean, horrekin itzultzen ginen hasieraraino Frantziako La Palisse aipatuaren tautologia osatuz.

Inondik ere ez da gaurko Baionako bilaldiaren gaitzesterik hemen, Lurralde kolektibitatea eskatuko baita Valls eta jakobino tematuen aurrean. Garai batean euskal departamendua eskatzen zen, hau maila bat apalago ote? Ez da oraindik entzun «garbiketa etniko» nahikeriarik hor azaldu litzatekeenik, zorionez. Kanakia edo Kaledonia Berriko erreferenduma etorriko delarik, Eskoziakoa ere, Polinesian Oscar Tumaruk independentzia nahi duelarik, Korsikan egun hauetan bazterrak jo eta ke direlarik, hemen jendetasunez eskatzen dugu, pazientzia handiz. Bortizki ala goxoki, beti eza: nor higatuko da lehenik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.