Negu euritsua joan da, eta lur bustia etorri zaigu, kezka ugari sorraraziz. Bideak itxita, mendi ertzeko kale-etxeetako auzokideak ikaratuta eta mendiko etxe bat baino gehiago maldan behera joan dira. Zorionez, ez da ondorio larririk izan, baina lur-jausi kopurua izugarria izan da. Izatez, luizia fenomeno naturala da. Urak eragindako higadura lan etenbakoaren adibide ikusgarriena izanik, gure paisaia itxuratu eta ekosistemak gaztetzen laguntzen dute. Alabaina, Kantauri alde hain populatu eta malkartsuan, gure ekonomia kolpatzeaz gain, luiziak hondamendi latzak eragiteko gaitasuna du. Zergatik ordea horrenbeste lur-jausi aspalditxoan? Esan gabe doa, euria erruz egiteaz gain, gure urbanismo-eredu kaotikoak aparteko eragina izan duela landa eremua horrenbeste harrotzeko orduan. Baina bada beste aldagai bat: nekazaritza-eredua.
Lurretik bizi den nekazariak izua dio luiziari. Soro-lur emankorra galtzeaz gain, bere bizibidea galtzeaz gain, bere arduragabekeria agerian gelditzen delako. Beharbada akatsak egin ditu uraren zaintzan. Akaso ez zituen ubide, erreten eta kainuak garbituko, ez eta errekatxoetako zubiak libratu ere. Agian, ez ditu bere garaian arbasoek eraikitako harrizko muga, luhan eta terrazak berreraiki. Ez ditu belardiak behar bezala ongarritu eta abereak ez dira bazkatu behar zen garai eta kopuruan. Beharbada ez du basoa behar zen sasoi eta moduan bota. Izan ere, laborariak badaki lur emankorrari eusten dionak bere etorkizuna ziurtatzen duela, eta baita gainontzeko herritarren segurtasuna ere.
Nekazaritza Ekologikoa lurraren, uraren eta suaren kudeaketa antzestral horren oinordeko berritua da. Elikagai goxoak, inguruneatsegina eta segurua bermatzen du. Ea behingoz konturatzen garen gure bailara eta eskualdeetako arroek zaintzaileak behar dituztela, kudeatzaile ekologikoak. Lurrari lotutako nekazari eta abeltzain ugari eta askotarikoak, lurra biziaraziko dutenak, nola ez, luiziei eurei ere tokia eginaz.
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik. Enrike Gisasola
Kontuz, luiziak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu