Arrosa koloreko arrosa eder batekin itzuli naiz lanetik, eta hortxe daukat orain, uretan sartuta, ze polita. Fresko dago, bizia, tente-tentea, andere arrosa. Begira ari natzaio eta, tira, ez da edozein lore. Esanahi erromantikorik ez du, ez dit maiteak oparitu. Ez du zerikusirik saltzaile ezagun bati kalean erosi behar izan nionarekin, eta are gutxiago alderdi sozialistakoek hauteskunde garaian auzokide guztiei bezala pertsonalki etxera ekarri zidaten gorri harekin.
Arrosa hau ezberdina da, berezia, film bateko eszena garrantzitsu batean bere protagonismoa izango duen aktore arrosa baita, izar galanta. Bera bezalako beste batzuekin batera sorta batean bilduta, minutu batzuz kameraren aurrean izan da gaur, zintzo-zintzo, bi pertsonaien arteko harremanaren egoeraren adierazle: emailearen ilusioa batetik, hartzailearen dezepzioa bestetik. Bakoitza berera, eta lorea erdian.
Ia egunero bada halakoren bat. Eszena bat eta bost plano, lore sortaz inguratuta gabiltza lanean. Arrosak edo liliumak, fresko, erdi zimeldu eta erabat hondatuak, gidariak baitira ahanztearen eta bizirik iraunarazteko beharraren elkarbizitzaz hausnartzen duen Garañoren eta Goenagaren film berri honetan.
Gaurko arrosek amaitu dutenean, atrezzoaren arduradunak ale bana oparitu digu lankideoi. Ze detaile polita, arrosak guztiontzat. Eta orain, niri egokitu zaidan izar arrosak bere azken orduak horko beirazko lorontzi horretan biziko dituenez, zimeldu ez dadin zainduko dut, eta ahaleginak egingo ditut luzaro iraun dezan loreak. Hari begira, bizirik iraun bezate, halaber, egunero barneak astintzen dizkidan filmaketa espezial honetako bizipen onenek.

Maratila
Lore artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu