Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Mahasti bertikalak

2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Duela hamabost egun, Malagako (Espainia) Rondan egon ginen, Kondesaren Baratzea ezagutzeko. Gaur, ez gara asko aldenduko paraje haietatik, Malagan jarraituko baitugu, Axarkia eskualdean, hain zuzen ere. Juan Muñozek eta Vicente Inatek abiatu zuten Viñedos Verticales proiektua 2015ean, ordura arte ametsa zena errealitate bilakatuz. Vicente Inate hainbat tokitan aritu da enologo moduan. Juan Muñoz, berriz, Axarkia eskualdeko mahastizain eta ardogile familia baten hirugarren belaunaldikoa da. Juanek eta Vicentek beren familiekin batera abiatu zuten abentura, jaio diren lurrak islatzen dituzten ardoak egiteko asmoarekin.

Mediterraneo itsasotik oso gertu dagoen Moclinejo herritxoan dago Viñedos Verticales. Mahasti zahar ugari dago han, lur maldatsuetan kokatuta, eskisto, filita eta arbelez osatutako lurretan, alegia. Mahats mota nagusia Alejandriako moskatela da, eta kopuru txikiagoetan Pedro Ximenez, doradilla, garnatxa edo romé aipatuko nituzke. Mahastizaintza oso tradizionala da orain ere, eta, lurren arteko desnibelak kontuan hartuta, heroikoa dela ere gehituko nuke nik. Haien filosofian, mahastian zein upategian, sintesirik gabeko produktuak, eta berezko, bat-bateko hartzidura naturalak nabarmentzen dira, inguruaren errespetua, azken finean.

Altzairua, treskak eta hormigoizko dolareak, egurrezko treskak eta ehun urtetik gora dituzten fudreak erabiltzen dituzte ardoak egiteko. Mahastien adina kontuan hartuta eta lurren izaera bereziari bertoko mahastizainen eta ardogileen lan egiteko modu berezia gehituta, pentsa dezakegu ardo bitxiak izango ditugula hemen, ekoizpen txikikoak baina kalitate handikoak, originalak, ukitu minerala eta zahartzeko gaitasuna dituztenak.

Sei ardo egiten dituzte Viñedos Verticalesen: bi zuri —La Raspa Blanco eta Filitas y Lutitas, hiru beltz —La Raspa Tinto, Magnético eta El Camaleón— eta goxo bat —Noctiluca—. El Camaleón da bereziena, romé mahatsez egina baita, Malagako mahats beltz autoktono bakarra.

Ondo amaitu urtea, eta hobeto hasi datorrena!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.