Materialez ari garenean, denbora gutxian materialen mundua, esparrua izugarri zabaldu dela esan behar dugu. Duela 80-100 urtera arte, material klasikoak ezagutzen ziren, hala nola egurra, metalak, ez-metalak, polimero natural batzuk... Baina azkeneko mendean izugarri hazi da inguratzen gaituzten materialen aukera. Materialen munduan iraultza egin zuten lehenengoak polimeroak izan ziren. Polimero naturalak ezagunak ziren betidanik (nahiz polimeroak ziren ala ez, jakin ez), almidoia, zelulosa, proteinak... baina aurrerapen ikaragarria lortu zen polimero sintetikoak lortu zirenean. Material berri hauen ezaugarririk nabarmenena, beharbada, beharretara egokitutako material egokiak lortzeko erraztasuna izan daiteke. Metalekin alderatuta, material arinak eta moldeaerrazak dira. Merkeak, eta euren sintesi-erreakzioa kontrolatuz oso propietate aldakorrak eman ditzaketeenak. Erruz erabili dira azkenengo mendean, baina badituzte kontuan hartu beharreko arazoak. Gehienak ez dira erraz degradatzen, eta horrek ingurumenean arazo larriak ekarri ditu. Material polimerikoen munduan aurkikuntza ugari egin da, eta horretarako esparru askotan egin da lan: material biodegradagarrien alorrean, propietate berriak dituzten material berrien bila (gehienetan ezagunak diren polimero arruntagoak elkarren artean nahastuz), medikuntzan erabil daitezkeen materialak bilatuz (material biobateragarriak)...
Baina materialen munduan beste asko eta asko dago. Gehienetan, konposizio kimikoa ez da berria, aldatu dena atomo horien antolaketa izan da. Ad. Nanoteknologiaren munduan, nanokonposatuetan ez dugu atomo edo sustantzia kimiko berririk, aspaldidanik ezagunak diren atomoak beste era batean antolatuta baizik. Hor ditugu nanohodiak, grafenoa... Horietan karbonozko atomoak espazioan egitura bitxia hartzen dute (hodiak, atomobakarreko lodiera duten xaflak...), eta lortzen diren materialek oso propietate bitxiak dituzte. Ad. Material arinak baina oso erresistenteak, transistoreetako txipak ordezka ditzaketeenak...
Aurreko mendeetan elementu berriak aurkitu ziren, azkenengo mendean berriz elementu berririk ez, baina atomoen antolamendua aldatuz oso propietate bitxiak izan ditzaketen egiturak lortu dira. Ad. Poliuretanozko aparra titanioarekin nahastuta material erresistentea eta, aldi berean, arina lortu da, edo oso xurgakorrak izango diren materialak, edo armiarmek egiten duten amarauna osatzen duen materialaren ordezko artifiziala, edo...
Beraz, materialen munduan aurrera jarraitzeko eremu askotako adituak behar dira,ingeniariak, fisikariak, kimikariak, biologoak, medikuak... Bakoitza bere alorrean arituko da, batzuk material berria sintetizatzen, beste batzuk lortutako material berri horren propietate mekanikoak, fisikoak aztertzen, beste batzuk material horren aplikazioak aztertzen, .....
Horrexegatik, aurtengo udan, uztailaren 3an eta 4an bigarren aldiz materialen munduan lanean diharduen zientzialari, teknologo euskaldun orok aukera izango du Materialen Zientzia eta Teknologia II. Kongresuan parte hartzeko. Berau Donostian ospatuko da EHUren Karlos Santamaria Zentroan, eta alor horretan euskaldunek egiten dituzten aurrerapenak eta aurkikuntzak azalduko dira.

Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Materialen zientzia eta teknologia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu