Iraia Garcia
ARGI ALDIAN

Minbizia saihesteko estrategiak

2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Minbizia egungo medikuntzaren erronka garrantzitsuenetakoa da. Gaitz honetan zelulak kontrolik gabe hazten eta zatitzen dira, euren bizitzan zehar metatu dituzten mutazioak direla eta. Mutazioen metaketan eragina duen faktore garrantzitsua denbora da. Zahartzen goazen heinean, zelulei mutazioak jasateko aukera gehiago ematen diegu, tumoreak garatzeko probabilitatea ere emendatuz. Probabilitate kontua denez, gure gorputzeko zelula kopurua ere minbizia pairatzeko aukerekin erlazionatuta dago. Izan ere, pertsona altuek baxuek baino minbizi intzidentzia altuagoa dute, beren gorputzetan zelula gehiago daukatelako. Bitxia, ezta?

Logika honekin jarraituz, biziraupen luzea duten animalia handiek, elefanteek eta baleek adibidez, minbiziaren intzidentzia handiagoa izan beharko lukete. Baina naturan justu kontrakoa gertatzen da, eta horretaz Richard Peto epidemiologo britaniarra konturatu zen duela ia 50 urte. Petok ikusi zuen animaliaren tamaina handitzen den heinean, minbiziaren intzidentzia gutxitu egiten dela. Kontraesan horri Petoren paradoxa deritzo, eta harrezkero mundu osoko biologo eboluzionistak ari dira horri azalpenak bilatzen. Ikusiko ditugu pare bat adibide.

Elefanteak minbiziaren aurkako borrokalari paregabeak dira, kaltetutako zelulak hiltzen dituen proteina berezi bati esker: p53. Proteina hau genomaren zaindari moduan ezaguna da, mutatutako zelulen heriotza programatua edo apoptosia aktibatzen baitu. Ikerlan batzuen arabera, gizakiok p53ren kopia bakarra dugun bitartean, elefanteek 20 kopia dituzte. Kopia kopuru altuari esker, elefanteek, neurri batean behintzat, minbiziaren intzidentzia baxua dute. Baina hori ez da Petoren paradoxa azal dezakeen mekanismo bakarra. Groenlandiako baleek minbizia saihesteko estrategia guztiz desberdina garatu omen dute. Berrikuspen-prozesuan dagoen ikerlan berri baten arabera, 80 tonako pisua eta 200 urteko biziraupena duten animalia erraldoi hauen zelulek CIRBP izeneko proteina oso maila altuetan jariatzen dute. Proteina horrek DNAren konponketa prozesuan parte hartzen du. Balea horiek daukaten CIRBP mordoari esker, organismo horiek sekulako gaitasuna daukate DNA fideltasun handiz konpontzeko. Horrek esan nahi du beraien apustua ez dela elefanteek bezala kaltetutako zelulak suntsitzea, euren kalteak konpontzea baizik.

Elefanteetan eta baleetan aurkitutakoa Petoren paradoxa azal dezaketen bi adibide baino ez dira. Kontuan hartuta animalia desberdinetan gorputzaren tamaina handia modu independentean eboluzionatu dela, litekeena da naturan minbizia saihesteko mekanismo gehiago existitzea. Ikertzaile talde batek mekanismo hauetariko bat topatzen duen bakoitzean, giza minbiziaren prebentzio eta tratamendu berriak diseinatzeko ideia berriak eskura ditzakegu. Espero dugu egunen baten jakituria honek minbizia garaitu eta milaka bizitza salbatzeko balio izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.