Barkatuko didazue, baina igande gauekoa ez zen izan hauteskunde gau bat. Hauteskunde gau bat ez da hauteskunde gau bat, 20etarako ttanko lehen inkestak telebista pantailetan agertzen ez badira. Eta herenegun, jaun-andreok, 23etara itxaron behar izan genuen datu zehatzen bat emateko. Kontxo, hiru orduz luzatu behar agonia, hiru orduz ikus behar telebista, baina beste zerbait. Jendea, arrazoi osoz, kexatu egin zen, sare sozialetan eta: zundaketarik ez zegoela, harrituta, ez berripaper, ez irrati, ez telebistetan. Batzuek galdetzen zuten ea dirurik ez dagoen orain horretarako ere. Baina ezin zen, 23ak arte ezin zen daturik eman, Europako beste herrialde batzuetan hautestontziak itxi arte. Eta galdetzen dut nik, zer demontre axola behar dio italiar bati Espainia mailako hauteskunde emaitzak? Frantziako inkestak ez ote ziren ibili Bidasoaz hona lasai demonio? Zer gertatzen da biharamunean goiz esnatu behar genuenokin? Astea gaizki hastera kondenatu gintuzten, alderdi politikoaren emaitza eskasa aski ez —beti da eskasa—, eta jesukristoren logalearekin.
Hartara, telebistek 23ak arteko tartea bete behar izan zuten, bada, ahal izan zuten moduan: parte hartze datuekin lehenik eta, gero, parte hartze datuekin. Tira, eta parte hartze datuekin ere bai. Ondo egin zuten ETBkoek: 23ak aurretik saio laburrak egin zituzten, 45 minutukoa euskarazko kateak —Asier Blas politologoaren gorbata gorria ikusteko denbora izan genuen, behintzat—; are laburragoa, ordu erdi eskasekoa, gaztelaniazkoak. Baina oso arraroa zen kontua, gaueko hamarretan ETB jarri eta hauteskundeei buruzko informaziorik ez, ohiko albistegiak baizik. Esan dizuet, igande gauekoa ez zen izan hauteskunde gau bat.
Eta analisi politikorik ez dugu, noski, hemen egingo. Honaino iritsi bazara, irakurle maite, jasoko zenuen hortik. Baina soilik esango dut europarlamentari handi bat galduko dugula, galduko duela Euskal Herriak, euskalduna gainera. Eta pozik nago behintzat Podemos-ek lortutako emaitzarekin. Zeren, zeri zor dio emaitza hain ikusgarria? Espainiarren gogaitasunari? Alderdi hegemonikoen gainbeherari? Pablo Iglesiasen oratoriari? Mototsari? Bada, horiei guztiei ere bai, bistan da, baina batez ere telebistari. Hilda zegoela eta, hara, begira ze munstro sortzeko gai izan den telebista. Munstro mediatikoa, baiki.

Komunikazioa. Ekografiak
Munstro mediatikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu