Gabonak eta kantua ezinbestean daude lotuta. Gabonak izango dira kantu gehien sortu duten urteko garaia. Eta zuzentasun politikoa Gabonetako estetikara iritsi den bezala —gogoratu bizar zuriko, piparik gabeko Olentzero abstemioak—, zuzentasun politikoa ez da artean iritsi gabon kantuetara —lasai, iritsiko da halere; eta «Olentzero buru handia» izango da «Olentzero buru neurri estandarra baino dimentsionatuagoa» edo antzeko zerbait—. ETBk oso ondo ulertu du hori. Zuzentasun politikoarena ere bai, baina Gabonen eta kantuaren arteko harremanaz nahi nuke orain.
Horregatik betetzen digute pantaila egunotan kantu saio hamaika bider errepikatuekin — aurreko urteetako Euskal kantuen gauak noiznahi; Hator kantari hator bi aldiz egun bakarrean; Gabonetako soinuak tarte mortuetan; gabon kantuekin zerikusia ez duen Euskal Herriko lur maitea bera akitzeraino; eta abar—. Horregatik ETBren 30. urtemuga ospatzen jarraitzeko —enegarren ospakizun jaia— eman zuten larunbatean 30 urte kantuan. Horregatik eskaini digute urtero bezala, Gabon kantak Begoñako basilikan eta Dantxarinea kantuz-ek bidea ondo ireki ondoren, aurten ere Euskal Kantuen Gaua ezinbestekoa Gabon gauean. Gabonetako puntu gorena den kantu saioa. Pentsa ze gorena den, atsuak ere bertan ibili zirela. Eta gabon gauekoa eskas balu norbaitek, lasai, biharamuna ere kargatuta etorri baitzen. Eguberri egunean eman zuten, adibidez, Sortuko dira besteak. Eta ez, mesedez eta faborez, ez daitezela sortu gehiago. Nahikoa eta gehiegi daukagu orain artekoekin.
Ez dute gauza bera egiten, alegia, kantu saioekin betetzen, ETB2n. Ez dakit zergatik. Polita litzateke oso, campana, sobre campana. Gero esango dute euskal gizartea ez dagoela bitan zatituta. Euskal katearen alde egiten dugunok saio horiek guztiak pairatu behar ditugu, eta besteek ez. Testuinguru horretan kokatuko genuke Erregearen mezua. Erregearen beraren hizkuntzan, ederra cantada —sinonimo bat, cagada—. Galdu zenutenok Youtuben daukazue, hizkuntza koofizialetan ere lehen aldiz —aurten ez da hasi «urkulluz eta satizfazioz» klasikoaz—. Deigarriena zera da: hainbeste oju eta txilioren artean, Espainia aldeko monarkaren kokorikoak ez duela desafinatzen; ETBko egungo programazioan ez dagoela inondik ere tonuz kanpo.

Komunikazioa. Ekografiak
Nahikoa eta gehiegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu