Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Non ipini marra?

2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Pintaketak 'Graffiti'-n. Irati Jimenezekin luxuzko kolaboratzailea dauka Galder Perezek gidatzen duen Graffiti saioak (17:00-19:00) aspalditik Radio Euskadin. Kronika jakingarria dakarkigu ostegunero, arte, literatura eta musikarekin zipriztinduta. Pintaketen edo grafitien historia izan zuen hizpide azken txandan: Brian's life filmeko Romani ite domum (Alde hemendik erromatarrak) pintaketarekin hasi eta kasik egungo artista urbanoetara bitarte. Hormetako esaldiak eta marrazkiak protesta eta irudimenerako adierazpide subertsiboak izan direla, horixe bere tesia. Lezio historiko hori adituz geroztik, irrati entzule fin batek baino gehiagok buruhauste intelektual edo etikorik behar du eduki, ziur! Nola ez neurosiak jota egon, jakinda sakoneko mezu kontraesankorrak jaurtitzen dizkigun irrati aparatu maitagarria daukagula etxean? Izan ere, albistegietan eta tertulietan, alderdien egoitzetako pintadak terrorismoarekin ia, eta derrigorrezko gaitzespen purifikatzailearekin identifikatzen baitizkigute.

Kazetaritzan, galdera eternoak. Azken-azkenean, nork bere betaurreko ideologikoarekin aztertzen ditugu pintaketak ez ezik makina bat errealitate ere. Sarri, gertakizunaren larritasuna neurtzeko «zer» galdera baztertu, eta egiten diogu erreparo nortzuk diren egileak, noren kontra jo eta zer mezu zabaldu duten... Giza estatuen txikizioen fenomenoak eskaini diezaguke adibide ilustragarria: demokrazia estandarreko herrialdeetan (AEB, Erresuma Batua...) instituzioek ipinitako estatuen eraisteak arrazismoaren aurkako protesta ekintza gisa zuritzen zaizkigu albistegietan, eta haiekin analisi ulerberak egiten dizkigute ondoren datozen elkarrizketetan politikariek eta tertulietan iritzi emaileek.

Kontrapuntua. Kultura saioen eta albiste eta tertulien arteko kontraste horren antzekoa gertatzen da astegun eta asteburu goizetako albistegiekin maiz. Aski markatua da joera hori Radio Euskadin: informazio ofizial eta ofizialistarekiko morrontza astegun goizetan, autonomia asteburuetan. Lagin txiki gisa, automozioaren sektorea erruz laguntzeagatik azkenaldian jasaten ari garen informazio apologetikoa, eta kontrapuntu gisa, bizikletaren erabileraren aldeko eta diru laguntzen objektu diren auto kutsagarrien aurkako elkarrizketa sorta atzo eskaini ziguna Ander Arzak esatariak (Crónica fin de semana, 08:00-10:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.