SER katea norekin? PSOEren krisia dela eta, Prisan nor norengana lerratzen den jakitea ez da aise igartzen, iritzia denek duten arren, alderdi ugari baitaude jokoan: neutraltasuna, etxearekiko fideltasuna, lanpostuari eusteko premia... Nolanahi ere, gehiago edo gutxiago, bustitzen ari dira batzuen batzuek, edo hala interpretatzen dut nik. El País-ek—zuzendaritzak, behintzat—nortzuen alde den ezin gardenago jakinarazi izan du bere editorialetan, nahiz eta erredakzio batzordea kexatu Sanchezen aurka erabilitako beligerantziagatik. Radio Euskadin tertuliakide klasikoa den Aizpeoleak ere gogor egurtu zuen Sanchez ostegunean Ganbara-n. SER katearena, baina, paperezko senidearena baino konplexuagoa da. Ahotsik kualifikatuenek nolaz jokatu dute egunotan? Carles Francinok eta Angels Barcelok, ikuskizunarekin lotsatuta, adiskidetzearen aldeko diskurtsoa izan dute nagusi. Buenok, bere aldetik, oso estratega ona dela erakutsi du, sozialismoaren buruzagiak eta militanteak Sanchezen aurka jarri nahian. Nahita hautatutako gonbidatuekin, elkarrizketa luzeak egin ditu kristal hautsien egunei hasiera emateko.
Ostegun goizean, Felipe Gonzalezi jarri zion mikrofonoa ahoko zuloan, jakinik hark botere oligarkikoen alde egingo zuela, hots, Rajoyri abstentzioa oparitzearen alde. Ostiral goizean, Eduardo Madina eta Josep Borrell izan zituen solasean, jakinik ere nork bere arrazoiak dituela Sanchez larrutzeko.
'Cocidito' berritua. Saio mitikoaren minez bizi garenon izenean, gonbita egiten diet haren sortzaile izan zen Javier Vizcainori edo beste edozein irrati esatariri, berdin zait, hura berreskuratu dezaten. Honatx ideia berritzaile bat: protagonistak mantendu egin beharko lirateke, jakina; Madrilgo irratietako betiko nazionalista espainiarrak, lotsagabe eta egozentrikoak, ideia faxistak tarteka botatzen abilak. Baina, oraingo honetan, lapikoko egosia zergatik ez osatu beren alderdirik samur eta humanoenarekin? Alegia, EAEko lehendakaria limurtzeko, goraipatzeko, santutzeko… erabiltzen dituzten adierazpenekin. Carlos Herrerarekin eta haren mariatxiekin, esaterako, saio txit entretenigarriak bete litezke azkenaldian. Umorez hartuz gero dena, kanpainako Urkulluren irudiek ere eskertuko lukete irratsaioa. Ezin grisagoa eta zozoagoa dela diotenei ahoa ixteko baliagarri gerta zatekeen, bide batez.

UHINETATIK TIRAKA
Nor norekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu