Kale marjinala. Olatz Iarza ETBko albistegiengatik da ezaguna askorentzat, baina esale ere izana da (RE eta Euskadi Gaztea). Bada, Gipuzkoako Kale Nagusia gidatzen du Onda Vascan egunero (12:05-13:00). Tokian tokiko informazioa, elkarrizketak eta tertuliak. Saio txukun eta jakingarria. Hala ere, bere daturik azpimarragarriena, zera izan daiteke: euskara modu normalizatuan erabiltzen du. Irailean, Iarza berak iragarri zuen saioa elebitan eta konplexurik gabe izango zela; besteak beste, «irratiak euskara pixka bat indartzeko premia daukalako». Alegia, Pixka bat es mucho lelo ofizial hura ulertzeko, adibide praktiko bat.
'Baserria'. Onda Vascan euskarari normaltasunezko kabida ematen dion bigarren —eta azken— saioa da (igandea, 07:00-08:00 edo 15:00-16:00). Nekazaritzako gorabeheretan eskarmentatua dagoen Jaime Zubiak—ahots gozo eta gertukoa— gidatzen du. Imanol Arruti, laguntzaile. Pedagogia baserritarrentzat bezainbat kasik kaletarrentzat. Bi esaleek, jakina, ez dute kulparik irratiko arduradunek euskara ia soilik baserriarekin lotzen badute, frankismoan bezala.
Tristura. Herri Irratiaren likidaziotik salbu geratu ziren esale euskaldunek gutxi erabiltzen dute euskara. Zenbaitzuentzat erakusleiho —edo mozorro, estalki...— aproposa den Durangoko Azokan ere Forki euskal kulturgileekin gaztelaniaz sumatzeak, esaterako, tristura eragiten du.
Normala. Xabier Ezeizabarrena donostiarrak Burdinkaia nobela kaleratu du. Onda Vascara gonbidatu zuten Euskadi Hoy fin de semana saioan, azaroaren 29an. Horraino dena normal. Kontua da hamazazpi minutuko solasean ez zaigula esaten nobela zein hizkuntzatan idatzia dagoen (gaztelaniaz). Izan baitzitekeen euskaraz. Zergatik ez, egileari (euskal hiztuna da) eta liburuaren izenburuari erreparatuz gero… Baina ez, normalena da munduak gaztelaniaz funtzionatzea. Onda Vascako esaleen betaurrekoetatik halaxe ikusten da mundua.
Kontraesana. Onda Vascak euskara ia zeharo baztertzen duen une beretik, bere ingurumarian dabilen ideologiak arazo bat dauka bere koherentziarekin. Hots, ea bere nazio proiektuan euskarak daukan garrantzia esaten duena den, ala, irratiak praktikan islatzen duena den. Uztar ezinak dira biak, ezta interes komertzialak direla medio ere.

UHINETATIK TIRAKA
Normala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu